Zuzeneko musika ere bada Gorlako kantinako menuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko uzt. 14a, 09:47

Gorlan punk eta oi! doinuak izango dira nagusi bihar (17:00), bost talderen eskutik: El Volquete, Buru Gabe, Colapso, Laino Beltzak eta Hankaz Gora. Menu berezia prestatu dute bihar bertan bazkaltzeko; aldez aurretik deitu beharra dago izena emateko: 943 58 50 28.

Naturaz inguratutako Bergarako eremu berezienetako bat da Gorla, hainbat herritarrek urte osoan erabiltzen dutena. Hori bai, eguraldi onarekin batera izaten dira ohikoagoak Gorlarako irteerak, eta irteera horietan ohiko geldialditxoa izan ohi da kantina; bereziki, maiatzetik urrira bitartean.

Pandemiak mesede kantinari

Bada, Bergarako Udalaren deialdi publikoan izena eman eta Gorlako kantina kudeatzeko ardura hartu zuen Unai Barrena arrasatearrak; honako hau laugarren uda ari da izaten Barrenarentzat kantinako arduradun. Pandemia heldu baino pare bat hilabete lehenago hasi zen lanean, eta gogoan du negozio ikuspegitik hilabete haiek oso emankorrak izan zirela: "Pandemia hasieran, etxetik irteteko aukera genuenean, jende asko etortzen zen, baina, gero, murrizten joan zen pixkanaka. Iazko uda oso eskasa izan zen, eta horregatik erabaki nuen jendea erakartzeko ekitaldiak antolatzen hastea". Kontzertuak izan dira nagusiki, baina antolatu izan ditu, besteak beste, yoga eta biodantza saioak.

Bost talde zuzenean bihar

Biharko, uztailak 15, jaialdi berezia antolatu du Barrenak kantinan. Bost taldek joko dute, 17:00etan hasita: El Volquete, Buru Gabe, Colapso, Laino Beltzak eta Hankaz Gora. Han, bazkaritarako, menu bat hartzeko aukera egongo da, 22 eurotan; horretarako, baina, aldez aurretik deitu beharra dago, 943-58 50 28 telefono-zenbakira. "Oraingoz, bikote bat eta musikariak daude izena emanda, eta horrek esan nahi du gutxienez 20 lagun elkartuko garela. Badut ohitura tarteka kontzertuak antolatzeko ahalik eta jende gehien erakartzeko, baina zapatu honetara begira zerbait berezia egin nahi nuen, eta horregatik lotu nituen hiru talde. Kontzertua lotu eta gutxira, Hankaz Gora eta Laino Beltzak taldeak ere batu ziren, eta horrela geratu da bost taldeko jaialdia. Uste dut egun-pasa baterako plan ederra dela; gero, beti egongo da inguruko jaietara joateko aukera; Antzuolara, adibidez".

Musika estiloari dagokionez, punk-oi! eta punk-rock eta jarrera oldarkorra izango dira nagusi biharko jaialdian, baina aurretik ere beste hainbat estilotako taldeak eroan ditu Barrenak kantinako terrazara.

Uztailean, abuztuan eta iraileko lehen astean 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik kantina

Kantina, eguraldiaren menpe

Orain arte antolatutako kontzertuen artean Danbaka musika lehiaketan parte hartu zuen Erromintxelak taldeak emandakoa azpimarratu du Barrenak: "Gorlako kantinan eguraldiaren menpe bizi gara, hein handi baten, eta Erromintxelaken kontzerturako ez zegoen eguraldirik onena hasieran. Eskerrak altxatu zuela eta kontzertua egin zela. Arrasateko taldeak giro ederra jarri zuen; pozik amaitu genuen".

Txanponaren beste aldean, berriz, Orhi eta Islabat taldeak –bi horiek ere pasatu ziren Danbakatik– daude: "Pena izan zen, baina kontzertua atzeratu egin behar izan genuen eguraldiagatik; ea urrian-edo egiten dugun". Beste adibide bat: ekainaren 30erako Dei taldearen kontzertua lotu zuen Barrenak, eta, azken orduan eguraldiak okerrera egin ostean, kantina barruan jo zuten Aitzol Urkiza eta Iñigo Bravo mutrikuarrek; kontzertu ezin intimoagoa eskaini zuten.

Sukaldea zabalik une oro

Uztailean, abuztuan eta iraileko lehen astean martitzenetik domekara egongo da zabalik Gorlako kantina, 11:00etatik 20:00etara. Gainerako hilabeteetan asteburuetan bakarrik egongo da zabalik, eta baita jaiegun berezietan ere; abenduaren 26tik 31ra 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Kantina zabalik dagoen bitartean eskatu daiteke jatekoa, sukaldea martxan egoten da-eta kantina zabalik badago. Eta, eskaintzari dagokionez, badago non aukeratu: etxeko entsalada, plater konbinatuak, ogitartekoak, errazioak eta pintxoak dituzte, eta baita postre batzuk ere. Tragoa hartzeko, berriz, ardoen eta garagardoen karta txiki bat ere badute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak