Ibargaraitik Urteaga kalera arteko bidegorrirako lanak, martxa onean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko uzt. 11a, 15:19

Ekainaren 19an hasi zituzten Ibargaraiko geltokitik Urteaga kalerainoko bidegorri zatia egiteko lanak, eta aurreikuspena da gehienez hiru hilabetean egotea amaituta obrak; Construcciones Artzamendi dabil lanok egiten, 380.023 euroko aurrekontuarekin.

Ekainaren 19an hasi zituzten Ibargaraiko autobus geltokitik Urteaga kalerainoko bidegorria egiteko lanak. Espoloira doan eskaileran hasi ziren lanak, eta, Udaletik asteon zehaztu dutenez, asmoa da inguru hartako lan gehienak ahalik eta gehien aurreratzea, oinezkoendako pasabidea bermatuz, espaloi bereko hurrengo zatiarekin hasi aurretik. Lehenik, ondoko eraikinen espaloiak berritzen hasi ziren, eta, lan horien egin bitartean, moztu egin dute oinezkoen pasabidea.

Bestalde, ibilgailuentzat bi noranzkoak mantendu egin dira, baina bidea metro bat estutu dute noranzko bakoitzean, lanak egin ahal izateko. Eta behin-behineko seinaleak jarri dituzte. Bi zati haiek amaitu ondoren, espaloi berean falta den zatiarekin hasiko dira, eta, azkenik, beste aldeko espaloia, erreka aldekoa, egokituko dute.

Obraren eraginak

Hain zuzen ere, bidegorria egingo dute errekaren alde hartan, eta, lan horiek egiteko, Antzuolako noranzkoan errei bat itxi egingo dute; semaforo bitartez txandakako igarobidea jarriko dute. Oinezkoendako bi pasabide berriak egiten ari diren bitartean ere beharrezkoa izango da errei bat ixtea eta semaforoarekin txandaka igarotzea. Gainera, oinezkoendako pasabide bermatu edota norabide arteko banaketa egin behar denean, autobusek ezingo dute zuzenean herrigunerako noranzkoa hartu. Hau da, Urteaga kaleko biribilguneraino joan beharko dute autobusek norabide aldaketa egitera. Era berean, geltoki ondoko komuna itxita egongo da obrak amaitu bitartean.

Gehienez hiru hilabete

Construcciones Artzamendi enpresa ari da lanok egiten, 380.023 euroko aurrekontuarekin –BEZa barne–, eta lanak amaitzea aurreikusten dute, gehienez, datozen hiru hilabeteetan. Bestalde, Udaleko teknikariek oraindik ez dute erabat zehaztu erreka aldeko espaloia eta bidegorria egiten direnean ibilgailuei txandakako pasabidea eman behar izatea: "Ez dago guztiz garbi beharrezkoa izango den; lanak amaitu ostean hartu beharreko erabakia izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak