Legeak agintzen duenez, Adineko Mahaia osatu dute udalbatza berria eratzeko osoko bilkura abiatzeko. EH Bilduko Jesus Mari Telleriak eta EAJko Kepa Sebalek osatu dute Adineko Mahaia eta banan-banan joan dira hamazazpi zinegotzien izen abizenak aipatzen kargua zin egin zezaten. Alderdi sozialistako Alberto Alonsok izan ezik, gainerako zinegotzi guztiek erabili dute Legeak hala behartuta formula zin egiterakoan.
Artolarena, aurkeztu den hautagaitza bakarra
Ondoren, udal idazkariak berretsi ostean EH Bilduren Gorka Artolaren hautagaitza izan behar zela aurkeztuko zen hautagaitza bakarra, bozketa hasi dute. Ez da ezustekorik izan eta EH Bilduren aldeko hamar botoekin eta EAJren zein alderdi sozialistaren abstentzioarekin, Artola izendatu dute berriz ere Bergarako alkate.
Txalo zaparrada luzea jaso du Artolak, osoko bilkuren aretoa goraino bete duten herritarren partetik. Alkate izendatu berritan emandako diskurtsoan esker on hitzak izan ditu nagusi eta une baten hitz-hartzea moztu behar izan du hunkitu egin delako. "Pozik eta eskertuta nago. Eskerrak eman nahi dizkiet azken lau urteetan gure ondoan lanean egon diren guztiei eta baita gure egunerokoan laguntza ematen diguten horiei; udal langileak eta etxean zaintzen gaituztenak". Hain zuzen ere, etxekoak aipatzerakoan bereziki hunkitu da Artola: "Gertuen ukitzen gaituena da. Udal agintari moduan hartzen ditugun ardura horiek egunerokoa baldintzatzen dute eta horren pisua norberak hartzen badu ere gure ingurukoek pisu asko hartzen dute. Bai, une horretan asko hunkitu naiz".
EAJ eta PSE-EE, abstentziora
EAJko bozeramaile Mikel Letek, Artola zoriontzeaz gain, datozen lau urteetan oposizio eraikitzailea egingo dutela esan du: "Berriz ere zoriondu nahi dut Gorka Artola Bergarako alkate izendatu dutelako. Garbi dugu oposizioan egongo garela; oposizio eraikitzailea egingo dugu".
Alderdi sozialistako Alberto Alonsok ere zoriondu du Artola, baina faltan bota du bere diskurtsoan oposizioa aipatu izana: "Atentzio handiz entzun dugu alkateak esan duena bere kargu-hartzearen ostean, eta garbi utzi du norekin egin nahi duen lan. Bere zerrendan ez dago oposizioa. Hortik aurrera, imajinatzen dut datozen egunetan alkatearekin hitz egi beharko dugula jakiteko benetan oposizioa ez den beste eragile guztiekin egin behar duen lan edo benetan inplikatuko den gehiengo politikoaz harago doan gehiengo soziala lortzeko".
Osoko bilkuraren amaieran, Artola zoriontzera joan dira oposizioko kideak eta ondoren taldekideen, gertukoen eta senitartekoen besarkadak ere jaso ditu alkateak.
Omenaldia kanpoan errepikatuko ez duten EH Bilduko zinegotziei
Behin osoko bilkuren aretoa hustuta, udaletxe atarian omenaldia jaso dute zinegotzi kargua utzi duten Nagore Iñurrategik, Ekaitz Aranberri, Kristina Markinak, Juanjo Azulak eta Jose Luis Gonzalezek. Aurreskua dantzatu diete eta amaieran lore sorta bana jaso dute agintaldi berrian zinegotzi izango direnen partetik.