ALBISTEAK

Gehiengo osoa berretsi du Bergarako EH Bilduk, eta zinegotzi bat irabazi

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mai. 29a, 15:16

Beste agintaldi baterako lortu du gehiengo osoa Bergarako EH Bilduk eta datozen lau urteetan orain arte baino zinegotzi bat gehiago izango dute, hau da, hamar zinegotzi. EAJk zinegotzi bat galdu du eta alderdi sozialistak ere, bototan behera egin arren, eserlekua mantendu du. Andres Diez zerrendaburu zuen Elkarrekin koalizioak ez du ordezkaritzarik lortu. Ekainaren 17an egingo da udalbatza berria eratzeko osoko bilkura.

Gorka Artola beste lau urtez izango da Bergarako alkate, botoa ematera joan diren bergararren artean 2019n baino babes handiagoa lortuta. 3.921 boto lortuta, gehiengo osoa berretsi dute, eta bederatzi zinegotzi izatetik hamar izatera pasatu dira. Artolaren arabera, "oso pozgarriak" dira emaitzak eta badira azken lau urteetan egin duten lanari aitortza bat. "Azken lau urteetan egindako lanari aitortza bat da, eta sekulako indarra ematen digu beste lau urtez lanean jarraitzeko. Abstentzioa igo egin da eta gure boto kopuruan ez gara 2019ko datuak berdintzera helduko baina portzentualki oso datu onak dira. Oso pozik gaude".

Daturen bat nabarmendu zuen galdetuta, Artolak Zubieta kalean lortutako emaitzak aipatu zituen, kalea berritzeko obrez harago emaitzok lan egiteko modu bat ere babestu zutela iritzita.

EAJk, berriz, ez zituen esperotako emaitzak lortu. 2.295 boto lortu zituzten eta horrek zinegotzi bat galtzea suposatuko die jeltzaleei. Egun tristea izan zela aitortuta, EAJko alkategai Mikel Letek EH Bildu zoriondu eta esker on hitzak izan zituen euren boto emaileentzat eta ondoan duen taldearentzat; oposiziotik proposamenak egiten jarraituko dutela azpimarratu zuen Letek.

Bestalde, alderdi sozialistak behera egin du bototan baina Alberto Alonsok mantendu egingo du eserlekua. Andres Diez zerrendaburu izan duen Elkarrekin Bergara koalizioak 212 boto lortu ditu eta ez dute ordezkaritzarik izango Bergarako udalbatzan. Gainerako herrietan bezala, ekainaren 17an egingo da agintaldi berrirako udalbatza eratzeko osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak