Bergarako Burdinola taldeak, Gazte misto kategoriako Espainiako txapelketa antolatu du, Euskal federazioaren babesarekin, ekainaren 2, 3 eta 4rako. Txapelketan zortzi taldek parte hartuko dute, horietako zazpi Espainiako talde indartsuenetarikoak izango dira eta zortzigarrena Burdinola Irristaketa kluba izango da. Burdinola taldearen deialdia hamasei pertsonez osatuta dago, zortzi emakumezko eta beste zortzi gizonezko.
Txapelketa aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Bergarako alkatea den Gorka Artola, Agustin Oyanguren, Burdinolako presidentea eta taldeko jokalaria den Julen de Borja. Oyangurenen esanetan, torneoak balioko du hockeya ezagutzera emateko debagoiendarren artean, eta kirolean emakumeen "papera" aldarrikatzeko. Alkateak, Oyangureni egiten duten lana eskertu dio eta zorte ona opa izan dio.
Funtzionamendua
Zortzi talde izango dira guztira, eta bi multzotan banatuko dira. Multzo bakoitzeko lau onenek final laurdenak, final erdiak eta finala jokatuko dituzte. Burdinola taldea lehen multzoan dago, Castellongo CPC Vila-Real, Madrileko Tres Cantos PC, eta Valentziako CP Alas de Sagunto taldeekin batera. Egubakoitz eta zapatu goizean jokatuko dira multzoko neurketak. Kanporaketak, zapatu arratsalde, eta domekaran jokatuko dituzte.
Finantziazioa
Iaztik Labegaraieta kiroldegiko lurzorua sintetikoa da, Espainiako Federazioak behartu egiten baitu. Hori dela eta, lurzoruaren erosketa garestia izan zela adierazi du Oyangurenek, eta txapelketaren premia "handiena" lurzorua ordaintzea izango dela azaldu du.