Bergarako Ipintza Institutuak berrogeita hamar urte bete ditu aurten, eta joan den asteburuan, ikasturte amaiera ate joka dagoela aprobetxatuz, egun osoko festa izan zuten, mende erdian zehar egindako ibilbidea ospatzeko. Ikastetxeko jai batzordeko kideek elkarlanean osatu zuten egitaraua: "Antolaketa izan da ikasleak, guraso elkartea eta zuzendaritzaren artean. Denon arteko elkarlana izan da", adierazi dute.
Zapatuko eguna trikitilarien eta buruhandien kalejirarekin hasi zuten. Irala kalean jolasean aritu ondoren, mahaiaren bueltan elkartu ziren. Arratsaldean, bingo musikatua, eta kontzertuak izan ziren.
1972-1973ko ikasturtean ekin zion ibilbideari Ipintza Institutuak, 1968. urtean Ipintzako lurrak erosi ondoren. Garai haietatik gaurko eguneraino, hainbat aldaketa jasan ditu institutuak, eta jende asko igaro da bertatik. Komunitatea bizirik mantentzen dela adierazi zuten guraso elkarteko kideek: "Niretzako garrantzitsua da bai ikasle, irakasle eta gurasoen artean, komunitate bat garela sentitzea, eta horrela disfrutatzea eguna".
Ikasleentzat ere, zerbait aldatu da Ipintza azkenaldian: "Pixka bat aldatu da, lehen ez genituen gauza asko egiten, eta orain indar gehiago hartu dituzte gauzek. Koronabirusa joaten ari zen gu etorri ginenean, eta garai hartan egin ez genuen Kultur astea, urte honetan berreskuratu dira".
Bi ekitaldi nagusi egin dituzte 50. urteurrena ospatzeko. Kurtso hasieran argazki zaharrez osatutako erakusketa bat izan zuten Aroztegi aretoan. Orain, joan den asteburuko festarekin eman diote amaiera 50. urteurreneko ospakizunei.