Oinez Gasteizeraino, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mai. 22a, 15:07

Iragarri moduan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gaur eguerdian ekin dio 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeko zeharkaldiari. Hiru zutabe antolatu dira eta Gipuzkoakoa Bergaratik irten da. Hainbat lekutatik etorritako erretiratuak elkartu dira gaur Bergarako San Martin plazan.

Beste bi zutabeak Bilbotik eta Aguraindik dira abiatzekoak. Bilbokoa gaur bertan eta Aguraingoa bihar irtengo da. Bizpahiru eguneko zeharkaldia egingo dute nork bere aldetik, eta Gasteizen elkartuko dira guztiak hilaren 25ean. Manifestazio bateratua egingo dute Legebiltzarrera. 11:00etan abiatuko da manifestazio hori Iparraldeko Gizartetxetik. 

Aldarrikapen argia dute parte hartzaileek; 1.080 euroko gutxieneko pentsioak. Hain zuzen ere hori da hiru eguneko zeharkaldiaren leloa; Gutxieneko pentsioa 1.080 euro, hemen eta orain. Hala, Jaurlaritzari eskatzen diote pentsioak osatzeko Espainiako Gobernuak gutxieneko hori ezartzen ez duen bitartean.

Eguenean Gasteizen egingo den manifestaziorako autobusak daude antolatuta. Hamabost beteta daude honezkero. Bergaratik irtengo diren autobusetan badago lekua oraindik. Nafarroan ere deituta dago manifestazioa; maiatzaren 29an izango da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak