ALBISTEAK

Bergara "koloreztatzen" jarraitu gura du EH Bilduk

Mireia Bikuña 2023ko mai. 12a, 12:53

Datozen urteetan aurrera eraman asmo duen Herri Programa aurkeztu du taldeak. Herritarrekin egindako saioetan jasotakoak batu dituzte programara. Helburu nagusia da Bergara "koloreztatzen" jarraitzea.

Arrizuariaga, kultura sorkuntzaren eta emakumeen espazioa izatea, Labegaraietako kantxa estaltzea, zaintza modu komunitarioan lantzea, etxebizitzarako sarbidea erraztea, energia burujabetzarako urratsak ematea, Miguel Altunaren eraikin zaharra herritarron eskura ipintzea eta herri biziagoa irudikatzea dira Bergarako EH Bilduren lan ildo nagusiak. Eta horiek guztiak jaso ditu 2023-2027 agintaldirako Herri Programan. Beti ere, aurreko legegintzaldian hasitako bideari jarraipena emateko helburuarekin: herria koloreztatzen jarraitu. "Hurrengo lau urteetan hasitako bide horrekin jarraitzeko prest gaude. Baditugu proiektuak, badugu hori aurrera eramateko taldea, eta baditugu lanerako indarra eta gogoa. Askotarikoak dira ditugun proposamenak, baina guztiek helburu argi bat dute: bergararrok gure herrian ondo bizitzea", esan du Gorka Artola alkategaiak.

Arrizuriaga, zutabetako bat

Arrizuriaga eraikinaren egonkortze lanak eginda, berau izango da Herri Programaren zutabe nagusietako bat: kultura sorkuntzaren eta emakumeen espazioa izatea. "Egunerokotasunean erabiliko den espazioa izango da, norbanako eta taldeek euren jarduna aurrera ateratzeko erabiliko dutena. Hala ere, bergarar guztiontzat egongo dira ateak zabalik, eta sorkuntzak emandakoak jendaurrean agertzeko aukera eskainiko dugu", nabarmendu du Maite Usabiaga zerrenda kideak.

Zaintza

Bergarako EH Bilduren beste zutabeetako bat zaintza izango da. Alegia, zaintza modu komunitarioan landu gura dute. "Modu komunitarioan zaindu eta zainduak izateko neurriak hartuko ditugu, adibidez, auzoetan zaintzarako sareak sortuz. Zaintza lanetan ari direnen izaera kolektiboa bultzatuko dugu, euren lan-baldintzak hobetzeko", esan du Ainhoa Lete zerrenda kideak.

Emantzipazioa bermatzeko

Alokairu bitartez gazteen emantzipazioa bermatuko duen zerbitzua diseinatu eta martxan jartzeko, eta udal jabetzako eraikinak energetikoki burujabe izateko neurriak  hartzeko asmoa azaldu dute.

Bestalde, Labegaraieta kiroldegiko pareko kantxa estaltzea aurreikusten dute. Ur txorroten parkea eta pump truck pista inguruan kokatuko dituzte.

Bada horiek guztiak bultzatzeko Herria Antolatzeko Plan Orokorra aldatzea beharrezkoa dela esan du Artolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak