Maiatzaren 26tik 30era askotariko ekintzak izango dira Pentekosteen barruan. Atzo arratsaldean egindako agerraldian, Gorka Artola alkateak kultura eskaintzan jarri zuen arreta, besteak beste: "Aurtengo
jaiekin ere, aisialdirako eta gozamenerako tartea eskaintzearekin batera, kulturaren aldeko apustua egin dugu. Aurretik esan izan dut Bergara herri bizia izatea nahi dugula, parte-hartzailea eta aberatsa. Eta kulturak herri bat aberats egiten du".
Suziria: zaintzari aitortza
Jaiei hasiera emateko suziriari begira, zaintzari aitortza egin nahi izan diote: "Zaintza lanetan aritzen diren pertsona anonimo horiei guztiei egin nahi diegu aitortza. Izan horri izena ere jarri. Gehienetan, emakume aurpegia du zaintzak, eta aitortza egin nahi diegu, jaietako espazioa ere baliatuz". Datozen egunetan emango ditu Udalak suziriaren bueltako xehetasunak.
Askotariko ekintzak dituen egitaraua
Egitaraua, diotenez, hilabeteetako lanaren emaitza da, elkarlanean osatutakoa: "Herriko
norbanako eta eragile askokhartu dugu parte aurtengo egitaraua prestatzen, izaera askotarikoak, eta emaitza ere halakoa izan da. Kultura, kirola, gastronomia, musika eta beste hainbat jasotzen ditu egitarauak. Adin
eta gustu guztietako pertsonek lekua izan dezaten saiatu gara".
Askotariko ekitaldien artean, honako hauek azpimarratu dituzte. Batetik, maiatzaren 29an egingo den herri bazkarian hiru aukera egongo dira aurten: orokorra, beganoa eta zeliakoa; sarrerak seminarixoa-eus-en egongo dira salgai, 15 eurotan.
Bestetik, Mokoloblock topaketa bigarrenez antolatu dute; maiatzaren 28an izango da, San Martin plazatik hasita (18:00). Bihar da izena emateko azken eguna, www.bergara.eus-en. Eta, hirugarrenik, Jai Batzordeak nabarmendu du maiatzaren 27an San Martin plaza erraldoien gunea izango dela. Betiko erraldoien eta gomazkoen erakusketa, krispeta-makina, umeek margotzeko erraldoien liburuxka, umeentzat puzgarria... denetarik izango dute, Bergarako Erraldoi Taldearen eskutik.
Delirium Tremens, J Martina...
Zuzeneko kontzertuek ere ez dute hutsik egingo. Kontzertu asko eta askotarikoak izango dira lau egunetan zehar, eta, txosnaguneaz gain, honako hauek izango dira plater nagusiak: Delirium Tremens –hilaren 26an, San Martin plazan (23:00)–; J Martina –hilaren 27an, San Martin plazan (23:00); eta Goxua'n Salsa –hilaren 28an, San Martin plazan (21:30).