Hiru aste gelditzen dira Bergarako Pentekoste jaietarako, eta Xaxau Jai Herrikoien konpartsak aurkeztu du egitaraua. Xaxau Konpartsa taldetik "pozik" agertu dira berriz ere txosnagunea Bideberrira itzuliko delako. Aurten, berritasun gisa, herritarrek osatutako boluntario-sare bat sortu dutela azpimarratu du Xaxau konpartsako kidea den Andrea Gonzalezek: "Aurten boluntario sare bat jarri dugu martxan, momentu puntualetan laguntza eskaintzeko prest dauden herritarrek osatzen dute, eta jaiei begira lan txikiak egiteko prestutasuna azaldu duten jendea dago bertan".
Gaueko kontzertuei dagokionez, gustu ezberdinetara egokituko den proposamen sorta aurkeztu dute. Honetaz ere aritu dira: "Nabarmentzekoa da, egubakoitzean, Bergarako Orhi taldea egongo dela, The Lio eta Bad Sound taldeekin batera, eta gaua amaitzeko DJ edozer; zapatuan, gaupaseroen argazkiarekin eta elektrotxarangarekin hasiko dugu eguna eta gauean Olaia Inziarte eta bailarako abeslariak izango ditugu; domekan, korto lehiaketan hamaikagarren edizioa, eta urteurreneko brindisa izango dira eguneko hitzordu garrantzitsuenak". Horrez gain, jakinarazi dute txosnagunean lan egiteko txandak hartzeko Arranora jo behar dela.
11. korto lehiaketa
Bestalde, jaietako igandean korto lehiaketa egiten dute. Geroz eta indar gehiago duen ekimen honek hamaika urte beteko ditu, eta kortoak aurkezteko azken eguna maiatzaren 22a izango da. Xehetasun gehiago eman ditu Andoni Etxezarretak: "Epai-mahaia Jone Albeniz, Yune Nogueiras, Jon Olivaresek eta Ione Santamariak osatuko dute, eta beraiek erabakiko dute korto onena zein izango den, aktore onenaren saria, eta baita ere, publikoaren saria".
Bukatzeko, argi utzi dute txosnagunean ez dutela inolako erasorik onartuko eta guztien ardura izango dela ingurua garbi eta txukun mantentzea. Gauzak honela, Xaxau Konpartsa taldetik dei egin diete herritar guztiei txosnak muntatzeko eta desmuntatzeko lanetan parte hartzeko.
Hona hemen egitaraua: