'Izaro' ipuin musikatuarekin eman diote amaiera Apirilean musika ekimenari

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 9a, 13:15

Jende andana batu zen domeka goizean Seminarixoan Bergarako Musika Eskolan ari diren haurren Izaro ipuin musikatua ikusteko. Hasi eta buka, txalo zaparraden artean eskertu zuten guraso eta senideek umeen lana. 

Jendez lepo bete zen domeka goizean Bergarako Seminarixoa Izaro ipuin musikatua ikusteko. 100 bat lagun elkartu ziren agertokian; alde batetik Bergarako Musika Eskolako 80 bat haur eta beste alde batetik, Txistulari banda, pianoa eta perkusioa. 

Ipuinaren letra eta musika Bergarako Txistulari Bandako zuzendaria den Jose Miguel Laskurainek idatzi ditu. Zentzu honetan, Izaro ipuin musikatua zergatik sortu zen azaldu du: "Txistulari banda, Bergarako Musika Eskolako haurrei gerturatzeko beharretik jaiotzen da. Planteamendua ipuin bat kontatzea izan zen, haiek parte hartu ahal izan dezaten eta txistua beste era batera entzun dezaten". 

Berrogei minutuko bi emanaldi izan ziren, eta haur zein txistulariek hamaika abestiz osatutako istorioa eskaini zieten bertaratutakoei. Haurrak izan ziren Seminarixoan benetako protagonistak. Batzuetan abesten, eta beste batzuetan antzezten, gozatu ederra hartu zuten. Emanaldien ondoren, prozesua nolakoa izan den azaldu zuten eta ilusioz gainezka agertu ziren. 

Honela, Izaro ipuin musikatuarekin amaitu da Apirilean Musika ekimenaren aurtengo edizioa. Bergarako Musika Eskola hurrengo urtekoan pentsatzen hasia da dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak