Maiatzaren 21ean ospatuko da aurten Bergarako Musika Eskolak antolatzen duen Udaberriko jaia. Aurtengoa hogeita hamabigarren edizioa izango da, eta dagoeneko gertu dute egun horretarako egitaraua.
Eguerdian hasiko dira eguna ospatzen, 12:00etan. Dantza bira egingo dute San Antoniotik abiatuta dantzariek eta Bergarako txistulariek, eta Espaloian barrena San Martin Plazan amaituko dute ibilbidea. Ordu berean, Musika Eskolako Gazte Bandaren eta Bergarako Musika Bandaren emanaldia egongo da Usondo parkean. Ondoren, Musika eskolako Abesbatzak, Aritzeta abesbatza, herriko abeslariak, trikitilariak, panderojoleak, gitarra jotzaileak eta akordeoi jotzaileak kalejiran irtengo dira. Poligonoan hasi eta Santa Marina eta pilotalekua zeharkatu ondoren, San Martin Plazan amaituko dute.
Bazkari herrikoia, San Martinen
13:30etan etorriko da eguneko beste hitzordu garrantzitsuenetako bat. Bergarako Orkestra Sinfonikoren kontzertua izango da, eta ondoren, goizeko partaide guztiekin batera Idoia Asurmendiren Viejo Refranero eta Aitorren Hizkuntz zaharra –Urretxindorrak– kantuak interpretatuko dituzte. 14:30ean mahaiaren bueltan elkartuko dira, bazkari herrikoia egiteko San Martin plazan. Haur eta gazteen –18 urte arte– bazkariko txartelek hamabost euro balioko dituzte eta helduenek hogei euro. Maiatzaren 17ra arte erosi daitezke bazkarirako txartelak, Bergarako Musika Eskolako idazkaritzan; 17:00etatik, 19:00etara.
Arratsalderako geldituko dira musika eta dantza saio ezberdinak.