Hain zuzen ere, eguazteneko eta zapatuko azoketara joaten diren ekoizleentzat kanpoan gune bat egokitu da Katabia plazan jarri den karpa baten. Baserritarrak eraikinaren barruan egongo dira, eta gainontzeko ekoizleak kanpoko karpan egongo direla adostu dute.
Prozesu baten emaitza
Orain dela bi urte hainbat eragileekin abiatutako prozesu bat gauzatzen ari da Bergarako Udala,Oxirondoko azoka "bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagune bihurtzeko" helburuarekin: "Kokagune duina eman nahi zaie lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoerari buelta bat eman, eskaintza osatu eta eskaintza iraunkor bat sortu. Salmenta guneaz harago, topagune izatea da helburua. Sentsibilizazio eta formazio espazio bat ere edukiko du, eta koordinazio guztia bertatik eramango da".
Gaur hasi diren lanekin, azokara sartu eta gaur egun eskuma aldean dauden postu finkoak gune bakar bihurtuko dira, espazio zabal bat sortuz. Bertako produktuak saltzeko gunea sortuko da eta prestatutako janaria egotea ere aurreikusten da.
Eraikinaren egokitzapen-lanak egitearekin batera, gerora sortuko den espazio nagusi horren kudeaketarako prozedurarekin jarraituko du Udalak. Bestetik, bertako ekoizleekin, aurrera begira ezarriko diren irizpideak partekatzeko bilera erronda egingo da.
Elikadura Mahaia
Prozesu zabal baten parte ere bada azokaren inguruko lanketa, izan ere, 2021. urtean jorratu zen gaia Gipuzkoako azoken sarean, esaterako, eta baita herrian bertan ere. Lan hori Elikadura mahaiaren bitartez gauzatzen ari da. Elikadura burujabetzan urratsak eman eta herri mailan elkarlanean arlo ezberdinei erantzuteko proiektuak garatzen ari da mahai hori, tartean azokarena. Mahaian parte-hartzeko aukera irekia da, eta interesa duenak Ehundu eraldaketako bulegora idatzi beharko du; ehundu@ehundu.eus edo bulegoko 943 25 09 49 telefonora deituta eska dezake bertan parte-hartzea.