Maiatzean hasiko dituzte Oxirondo azoka biziberritzeko lanak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 31a, 13:19

Obra egin ostean nola geratuko zen azoka, goitik ikusita.

Beheko solairuan egingo dituzte lanak eta sei hilabeteko epean amaitzea aurreikusten du Udalak. Hilabete horietan, Oxirondo azokak martxan jarraituko du, eta eguazten eta zapatuko ekoizleentzat Katabia plazan egokituko dute gune bat. Lanen aurrekontua 345.442,62 eurokoa da, BEZa barne. 

Duela bi urtetatik Oxirondo azoka biziberritzeko proiektua ari da lantzen Bergarako Udala, eta "Oxirondoko azoka bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagunea izatea du helburu". Hori lortzeko, eraikineko beheko solairuan egingo dituzte lanak. Maiatzean hasi eta sei hilabetean amaitzea aurreikusten du Udalak. Aurrekontua 345.442,62 eurokoa da, BEZa barne. Udalak jakinarazi duenez, Europako Next Generation funtsetara aukerztu da proiektua, baina 2022ko deialdian ez du diru-laguntzarik jaso; horregatik, 2023ko deialdira aurkeztuko dutela adierazi dute udaletik.

Lanekin azokara sartu eta eskuin aldeko postu finkoak gune bakar bihurtuko dituzte, espazio zabal bat sortuz. Era berean, berako produktuak saltzeko gunea egongo da; baita ostalaritza zerbitzua eta prestatutako janariarena ere. Udaletik gaineratu dutenez, eraikinaren egokitzapen-lanak egitearekin batera, gerora sortuko den espazio nagusi horren kudeaketarako prozedurarekin jarraituko dute.

Obrak dirauen bitartean, Oxirondo azokak martxan jarraituko du, baina lanek trabarik ez egiteko babes horma jarriko dute. Ezker aldean dauden postu finkoak zabalik egongo dira; baita ludoteka eta goiko pisuko jolaserako gunea ere. Eguazten eta zapatuko azoketako ekoizleentzat Katabia plazan karpa bat jarriko da.

Gipuzkoako azoken sarea

Hilabetetako lanketa egin da dagoeneko, eta testuinguru orokorrago batean kokatuta dago proiektua. "2021ean, tokiko baserritarren azoken dinamizazioa eta sustapena helburu, Landaola elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako lurraldeko 16 udalerriren konpromisoarekin, Gipuzkoako azoken sarea proiektua abiatu zuen. Hor kokatzen da, halaber, Bergarako baserritarren azokaren inguruan 2021. urteko lehen seihilekoan egindako prozesua. Oxirondo azokari buruz hausnarketa konpartitua egin zen bertan aktiboki parte hartzen duten eragileen artean, elkarrekin, azokari balioa eman, eta etorkizunera begirako erronkak eta ekintzak identifikatzeko", adierazi dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak