Apirilean Musikaren egitaraua aurkeztu du gaurkoan Bergarako Musika eta Dantza Eskolak. Orain dela hemeretzi urte sortu zen Apirilean Musika egitasmoa, eskolan egiten dituzten lanak herritarrekin partekatzeko helburuarekin. Bergarako Udalaren laguntzarekin, hogeita hamar ekintza ezberdin antolatu dituzte aurtengo ediziorako. Ohikoak diren kontzertuetaz gain, ikastaroak, ipuin musikatuak eta beste hainbat ekintza izango dira.
Egitarauaren aurkezpenean izan dira Jose Miguel Laskurain Bergarako Txistularien Bandako zuzendaria, Marije Ugalde Bergarako Musika Eskolako zuzendaria , Marijo Juaristi Bergarako Musika Eskolako Ikasketa burua eta Aritz Alustiza Trikiti irakaslea.
30 ekintza
Apirilean Musika egitasmoari hasiera ofiziala Erramu Zapatuan eman arren, apirilaren 21ean hasiko dira gainontzeko ekintzak. Hala, hilaren 21erako bi emanaldi eskainiko dituzte; lehenengo emanaldia bost eta sei urteko haurrek eskainiko dute eta bigarrena, aldiz, 3 urte dituztenek.
Ikastaroak ere izango dira, eta ikasleen formakuntza sustatze aldera sei ikastaro antolatu dituzte. Hurrenez hurren, Pandero ikastaroa, Peñaparda ikastaroa, datorren urtean instrumentua aukeratu behar duten ikasleei zuzendutako ikastaroan, piano eta gitarra ikasleentzat beste ikastaro bat eta bukatzeko, gurasoei bideratutako beste ikastaro bat.
Bestalde, ikuskizun-eszeniko musikalak ere bere tokia izango du. Hala, apirilaren 22an, 'Arratsalde bat Operan' ekoizpena ikusteko aukera egongo da Seminarixoan (17:30). Bergarako Musika Eskolatik azpimarratu nahi izan dute herritarrei bideratutako ekintza bat dela, eta nahi duen orok ikusteko aukera izango duela. Sarrera-gonbidapenak lortzeko Musika Eskolara deitu behar da edo emailez erreserbatu. Hori egiteko epea apirilaren 17tik 21era izango da.
Hala, Bergarako bandaren kontzertu pedagogikoa apirilaren 23an izango da Udalpilotalekuan 12:30ean. Aurten berrikuntza moduan, Bergarako Musika Eskolako Gazte bandak ere parte hartuko du kontzertuan.
Bukatzeko, Idoia Asurmendi ere gonbidatuko dute Musika Eskolara eta ikasleen emanaldiek amaiera emango diote aurtengo edizioari.