Aurten egingo duten lehen ibilaldi osasuntsua martxoaren 30ean izango da. Xabier Legorburu Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak xehetasun gehiago eman ditu: "Martxoaren 30ean hasiko gara, eta abenduaren 14 arte luzatuko gara. Hilabete batzuetan irteera bat egingo dugu, beste batzuetan bi, eta beste baten hiru. Irteera guztiak eguenetan, goizeko 10:00etan, Agorrosinen hasi eta bukatuz".
Bi helburu nagusi ditu egitasmoak; alde batetik jarduera fisikoa sustatzea, eta beste alde batetik, elkarren arteko harremanak sortu eta indartzeko aukera ematea. Ekintzan guztira Bergarako hamabi eragileek parte hartu dute, eta ibilaldi bakoitza eragile ezberdin batek antolatzen du. Legorburuk, jende guztia gonbidatu du irteeretan parte hartzera: "Ekimena prestatzen hasi ginenean, adineko pertsonengan jarri genuen fokua. Baina beste kolektibo batzuek ere parte hartzen dute, eta horregatik egitasmoan parte hartu nahi duen pertsona oro animatu nahiko genuke".
Izena ematea doan da, eta apuntatzeko Agorrosinera edo San Joxepe elkartera jo beharko da edo telefonoz zenbaki hauetara deituz: 943 76 21 40, edo 943 77 70 95. Itziar Usandizaga Bergara Oinez egitasmoko parte hartzailea da eta gustura azaldu da Bergara Oinez proiektuarekin: "Ibilaldi hauek inklusiboak dira, eta hori balioan jartzen dugu. Guk asko eskertzen ditugu Udaletxearen ahaleginak. Guk guztiz baloratzen dugu, gainera aurten eragile gehiago sartu dira".
Egutegia aurkeztuta, herritarrak irrikitan daude martxoren 30a iristeko.
Hona hemen irteera guztiak:
- Martxoak 30, Pol-Pol elkarteak antolatuta
- Apirilak 20, San Joxepe elkarteak antolatuta
- Maiatzak 4, Aranzadi Ikastolak antolatuta
- Maiatzak 18, Mariaren Lagundia Ikastolak antolatuta
- Ekainak 8, Duintasuna elkarteak antolatuta
- Ekainak 22, Bergarako Udalak antolatuta
- Uztailak 13, Jardun elkarteak antolatuta
- Irailak 21, Aspace elkarteak antolatuta
- Urriak 5, Bergarako Osasun Etxeak antolatuta
- Urriak 19, Osasun Publikoak antolatuta
- Azaroak 2, Goyeneche Fundazioak antolatuta
- Azaroak 16, Mariaren Lagundiak antolatuta
- Azaroak 30, Jardun elkarteak antolatuta
- Abenduak 14, BPXport kirol zerbitzuak antolatuta