Gure Ametsa elkarteak Alex Txikon gonbidatu du 50.urteurrena ospatzen hasteko

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 23a, 15:00

Bergarako Gure Ametsa elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da azkenaldian. Atzo, Alex Txikon alpinista bizkaitarra gonbidatu zuten elkartera eta zapaturako egun osorako egitaraua prestatu dute. 

1973. urtean eman zituen lehen pausoak Bergarako Gure Ametsa elkarteak, eta aurten 50 urte bete dituzte. Antolatu zuten lehenengo hitzaldia, Tximist Espedizioarekin izan zen, Evereresteko gailurrera iristea lortu zuen lehen espedizioa. Horregatik, hasiera haiek omentzeko, eta 50. urteurreneko ospakizunei hasiera emateko atzo ‘Mendia, lehen eta orain’ hitzaldia antolatu zuten, luxuzko gonbidatu batekin gainera, Alex Txikon alpinista. Bizkaitarrarekin batera, mahai-inguruan izan zen Mikel Uribesalgo eskalatzaile bergararra. Kike de Pablo mendizalea izatekoa zen ere, baina ezin izan zuen egon arazo pertsonalengatik.

Mahai inguruan hitz egiten lehena Mikel Uribesalgo izan zen. Bergararrak Kike de Pabloren hutsunea nabarmendu zuen, eta eskalada azken hamarkadan asko aldatu dela azpimarratu zuen: "Pena da, izan ere, Kike de Pablo egon behar zen hemen, baina, gaixorik dago eta ezin izan da etorri. Orduan ikusiko genuen zenbat aldatu den eskalada, izan ere, Kike 80ko hamarkadan eskalatzen ari zen. Orokorrean, asko aldatu da". 

Ondoren, Alex Txikonen txanda iritsi zen. Mendizale bizkaitarrak, negu betean munduko zortzigarren mendi garaiena igo zuen, hirugarren saiakeran, oxigeno gehigarririk gabe. Manasluko igoera nola lortu zuen azaldu zien bertaratutakoei: "Abenduaren 23an behe kanpalekuan geuden, 3.700 metroetan, eta urtarrilan 6an tontorrean. Dena nahiko azkar gertatu zen". 

Solasaldiaren ondoren, galderen txanda iritsi zen eta ondoren mokadutxoa jan zuten. Horrez gain, 50. urteurrenaren momentu handiena zapatuan iritsiko da. 

Urteurrenaren eguna

Martxoaren 25erako, zapaturako egitarau mardula prestatu dute Gure Ametsa elkarteko bazkideek. Goizean goiz hasiko dira eguna ospatzen, izan ere, 11:00etan hamaiketakoa egingo dute elkartean. Ondoren, 12:00etan hildako bazkide guztien aldeko meza egongo da ermitan. Eguerdian, 13:00etan Bergarako Musika Eskolako orkestaren kontzertua antolatu dute. Bukatzeko, hasieratik gelditzen diren bi bazkide fundatzaileei omenaldia egingo zaie eta eguna bazkari batekin borobilduko dute.

50. urte ez dira egunero betetzen, eta seinale ona izango da Gure Ametsa elkarteak beste berrogeita hamar urte betetzen baditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak