Soraluce pilota txapelketa: Beñat Zubizarretak eta Javier Oskozek jantzi dituzte txapelak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 15a, 12:32

Soraluce lau eta erdiko pilota txapelketako finalak jokatu ziren atzo Bergarako munizipalean. Promes mailan Beñat Zubizarreta nagusitu zen Unai Amianoren aurrean (22-11); nagusien mailan, berriz, Javier Oskozek jantzi zuen txapela iazko txapeldun Gaizka Karregal mendean hartuta (22-21).

Promes mailan Unai Amiano eta Beñat Zubizarreta aritu ziren nor baino nor gehiago; ez zen esperotako finala izan, Zubizarreta izan zen-eta jaun eta jabe. Pilotari ataundarra hasieratik jarri zen aurretik, sakez min handia eginda.

Nagusietan, final polita, gogorra eta orekatua

Nagusien mailan, berriz, afizioa egiten duten partidu horietako bat jokatu zuten iazko txapeldun Gaizka Karregalek eta Javier Oskozek. Partidu polita bezain gogorra eta orekatua izan zen. Finaletan askotan gertatzen den bezala, tentsioagatik eta urduritasunagatik bi pilotariei kostatu zitzaien partiduan sartzea eta hasierako tantotan akats ugari egin zituzten. Behin lasaituta, ondo bukatutako tanto ikusgarriez gozatu zuten zaletuek, gaur egun horren ohikoa den kaiolako joko alai eta biziarekin. Biak sartu ziren airez ahal izan zuten guztietan. Batetik, oreka izan zen nagusi partidu osoan zehar, alderik handiena bi tantokoa izan zelako eta, bestetik, gogortasuna ere agerikoa izan zen. Bazirudien gogortasun horrek Oskozi kalte egingo ziola partidu hasieratik erakutsi zuelako nekea eta iraungo ez zuela ematen zuelako baina amaieran 19-21ekoa irautzea lortu eta txapela jantzi zuen amaieran. Irabazita ere, Oskoz ez zegoen erabat pozik.

Antolatzaileak, pozik

Bergara Kirol Elkarteko Pilota Saileko Julen Aranburuk pozik zegoen bereziki nagusien mailako finalaz. Txapelketaren 13. edizio honek ere pilota zale asko erakarri ditu munizipalera, bereziki atzoko finaletan. Martitzen iluntze baten frontoia horrela ikustearekin pozik daude antolatzaileak eta diote indarra ematen diotela afizionatu mailako halako txapelketa gehiago antolatzeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak