Bergarako ikusleak "hunkituta" utzi ditu 'Bretxa' musikalak

Uxue Igarza Loiola 2023ko mar. 5a, 21:43

Toti Martinez de Lezearen Bretxa eleberrian oinarritutako formatu handiko musikala egin du Bergara Antzerki Musikala elkarteak. Urtarrilaren 13an estreinatu zuten Donostian, baina asteburu honetan etxera, Bergarara, ekarri dute.

Atzo, zapatua, egin zuten Bretxa-ren lehenengo emanaldia Bergaran, sarrerak agortuta, eta gaur, domeka, egin dute bigarrena, 18:30ean, frontoia ia beteta.

Obraren musika zuzendari eta konpositore Oihan Vega pozik azaldu da egindakoarekin eta musikalak izan duen harrerarekin: "Zoriontsu gaude, gure herrian, gure jendearen aurrean jarduteagatik. Oparia da. Jendeari gustatu zaio eta hunkitu ere egin dira ikusleak". Donostian arrakasta aurreikusi bazitekeen arren –hiru aldiz bete baitzuten Victoria Eugenia antzokia–, Vegarentzat garrantzitsuena bergararren errekonozimendua lortzea izan da.

Iritzi bera du Mikel Markiegi orkestra zuzendariak: "Atzoko eguna luzea izan zen; dena muntatzen aritu ginen. Musikarioi dagokigunez, frontoiak akustika berezia du, eta horrek ere lana eskatu digu. Halere, gustura bukatu dugu".

Argiñe Agirrezabal obrako protagonistak ere hitz ederrak ditu orain arteko esperientzia deskribatzeko: "Oso ondo joan da; oso pozik gaude. Herrian egitea berezia da. Publikoa gogotsu egon da eta hori pozgarria da, baina, era berean, presio puntu bat ere igarri dut herrian egiteagatik". Bestetik, bidean egindako lana ere goraipatu du: "Lan asko egin dugu, eta esango nuke kanpotik ere ikusten dela hori".

Data berririk ez

Bretxa antzoki edo frontoi gehiagotan ikusteko data berririk ez dagoen arren, Oihan Vegak "gogotsu" daudela onartu du: "Egin dugun lana erakusteko asmoa badugu, bai gure bailaran eta baita Euskal Herri osoan ere, baina erakundeen edota bestelako eragileen laguntza beharko dugu horretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak