'Bretxa' Bergaran ikusteko sarrerak badira oraindik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 24a, 12:52

Donostiako Victoria Eugeniako hiru emanaldietako arrakastaren ondoren, Bergarara etorriko da Bergara Antzerki Musikala Elkarteak eta Bergarako Musika Eskolak lankidetzan sortu duten Bretxa musikala. Udal pilotalekuan bi emanaldi eskainiko dituzte: lehena martxoaren 4ean (20:00) izango da eta bigarrena, berriz, martxoaren 5ean (18:30). Azken emanaldi horretarako sarrerak badira oraindik.

Bretxa musikaleko konpositore eta zuzendari Oihan Vegak esker on hitzak izan zituen nagusiki atzo udaletxean egindako agerraldian. "Abeslariak, aktoreak, musikariak, dantzariak... Horiek guztiak gabe Bretxa ez litzateke ezer izango eta euren energia eta maitasun barik halako proiektu handi bat ezin da egin. Proiektu honetan zerbaitek arrakasta izan badu familia handi honen energia eta maitasuna izan da [...]. Bestalde, esker on berezi bat eman nahiko nioke Bergara Kirol Elkarteko Pilota sailari eta bertako presidente den Julen Aranbururi; gure erruz aldatu behar izan dituzte entrenamenduak eta partiduak, eta esfortzu horregatik eskertuta gaude erabat".

Herritar asko mugiarazten dituen proiektua

Lantalde osoa eta pilota saila eskertzeaz gain, Bergarako Udalari esker on berezia adierazi zion Vegak hasiera-hasieratik "egundoko gertutasuna eta sekulako laguntza" eskaini izanagatik.  Udaleko kultura zinegotzi Kristina Markinak halako proiektu erraldoi batek mugiarazten duen jendetza azpimarratu zuen: "Halako ekoizpen batek zenbat jende mugitzen duen nabarmendu nahi dut. Partaideez gain ikusle asko erakartzen dituzte, sekulako mugimendua eragiten dute herrian; hori guztia borondatezko lanetik datorrela jakinda, bereziki zoriontzekoa da".

Egileek diote Bretxa ikuskizuna baino gehiago dela. Izan ere, emanaldiaren aurretik Bergara Napoleonen garaiaz girotuko dute: 1813an Euskal Herrian gertatutakoa kontatu nahi dugu, eta horretarako, Bergara osoa gerra garaiko giroan murgildu nahi dugu, hori dela eta, ikuskizuna hasi aurretik, Napoleon garaiko soldaduen desfilea, alardea eta bataila Bergarako kaleetatik zehar ikusteko aukera izango dugu". Bidekurutzetatik hasita, Bergarako plazatik igaro eta Irala kalea eta Irizar ibilbidea gurutzatuko dituzte, Fraiskozuri plazara iritsi arte. Modu horretan, musikala ikustera etorriko direnak berotuko ditugu eta ikuskizuna ikustera etorriko ez direnak ere sartuko ditugu Napoleonen garaiko giroan. Bi egunetan, ikuskizuna hasi baino 45 minutu lehenago hasiko dute ibilbidea Bidekurutzetatik: martxoaren 4an, 19:15ean eta martxoaren 5ean, 17:45ean.

Sarreren salmenta, inoiz baino azkarrago

Bergarak musikalekin aspalditik duen harreman bereziaren barruan, Vegak dio inoizko jendetsuena dela Bretxa, 150 lagun pasatuko dira-eta oholtza gainetik. Eta, Vegaren arabera, sarrerak inoiz baino azkarrago saldu dituzte oraingoan.

Martxoaren 4rako sarrerak berehala agortu zirenez beste emanaldi bat antolatu zuten martxoaren 5erako; emanaldi horretarako sarrerak badira oraindik seminarixoa.eus webgunean, 20 edo 25 eurotan. 

Bestalde, Vegak gogoratu du ze berezia izango den Bretxa Bergarara ekartzea. "Noski Donostiako Victoria Eugenian estreinatu izanak ilusio berezia egin zigula; antzoki oso prestigiosoa da. Baina hemen etxean gaude, oso ondo ezagutzen dugun frontoi baten; Bretxa-ko kide askok txiki-txikitatik frontoian jo izan dugu... Ezagutzen ditugu harmailak eta harmaila horietan eseriko direnen aurpegiak; hala ere, azpimarratuko nahiko nuke kasu honetan ez direla bergararrak bakarrik egongo frontoian, badakit-eta Bergarakoak ez diren batzuk erosi dituztela sarrerak Donostian ikusterik izan ez zutelako".

Donostian 2.400 bat sarrera saldu zituen Bretxak eta Bergarako bi emanaldietarako sarrera guztiak salduko balira beste 1.600 ikusle izango ziren.  

Erlazionatuak

1813ko sutearen Bergarako garra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023 urt 05 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak