Valen Moñux, Oihan Vega eta Toti Martinez de Lezea elkartu ditu kazetariak Bergarako San Martin plazan, urtarrilaren 13an Donostiako Victoria Eugenian estreinatuko den Bretxa musikalaren gaineko xehetasun guztien berri izateko. Kafe baten bueltan luze eta zabal aritu dira, pozik, Donostiako hiru emanaldietarako sarrera guztiak agortu direlako –2.400 bat sarrera– eta konfirmatu delako Bretxa Bergarako udal pilotalekura ere eroango dutela martxoaren 4an –sarrerak salgai daude, seminarixoa.eus webgunean–.
Bergarako Antzerki Musikala (BAM) taldeko kideak dira Moñux eta Vega, Martinez de Lezeak 2006an idatzi zuen Bretxa eleberri historikoa oinarri hartuta musikal bat egitera animatu ziren "eroak", Martinez de Lezeak azaltzen duenez: "Sorpresa handia izan zen Larrabetzura etorri zirenean, ez nuen-eta sekula pentsatuko Bretxa-rekin musikal bat egin ahalko zenik. Pelikula bat? Akaso. Baina formatu handiko musikal bat? Erotuta zeudela pentsatu nuen lehendabizi".
TOTI MARTINEZ DE LEZEA: "FORMATU HANDIKO MUSIKALA? EROTUTA ZEUDELA PENTSATU NUEN LEHENDABIZI"
1813ko gertaera gogora ekartzeko egin izan dira ekintzak, baina ez da egin halako formatu handiko musikalik. "2013ko 200. urteurrenetik aurrera egin izan dira ekitaldiak, baina ez halako formatu handian. Esango nuke 2013ra arte oraindik tabuak zirela orain dakizkigunetako asko; eskerrak Totiren nobela aitzindaria izan zela gertakaria gizarteratzeko. Izan ere, historialariek idatzi izan dute Donostiako suteaz, baina askoz errazagoa da nobela bat gizarteratzea liburu historiko bat baino. Totik abiatutako dibulgazio-lan itzel horren alderdi ludikoago batekin gatoz. Horrela ez da kontatu inoiz, eta harro esan dezakegu", argitu du Vegak.
Atzeratu beharraren 'onura'
Pandemiak asko zaildu du prozesua. Bi data zehaztu eta biak atzeratu behar izan zituzten; hala ere, alde positiboa ere topatu diote. "Atzeratu behar izateak aukera eman digu elkarte, talde eta zoro gehiago ezagutzeko eta musikala osotzeko. Entsegu handi bat egin genuen Bergaran eta lehen aldia izan zen sortzaile modura horrenbeste kostatu den obra forma hartuta ikusi genuela; entsegutik badago zer hobetu, baina ederra izan zen", dio Vegak.
Musika Eskolari aitortza
Bergarako Antzerki Musikala (BAM) elkarteaz gain, Bergarako Musika Eskolaren, Donostiako Union Artesana elkartearen, Donostiako Tempo 22 dantza akademiaren eta Donostia 31 Rekreazionista Elkartearen parte hartzea izango du ikuskizunak, besteak beste. Bretxa-rako Donostiako eragileen laguntza izango dute, baina Vegak nabarmendu nahi izan du Bergarako Musika Eskolaren garrantzia Bergarak musikalekin duen aspaldiko lotura berezia ulertu ahal izateko: "Askotan ez zaie merezi duten aipamenik egiten eta aukera hau baliatu nahi dut Bergarako Musika Eskolak egiten duen lan itzela aitortzeko".
OIHAN VEGA: "EDERRA IZAN ZEN BURUAN GENUENA FORMA HARTUTA IKUSTEA ENTSEGUAN"
150 bat lagun taula gainean
Datuek argi uzten dute formatu handiko musikala dela: 30 musikari batzen dituen orkestra zuzenean, helduen eta umeen abesbatzak, aktoreak, dantzari taldea, abeslariak, bideo proiekzioak, hiru dimentsioko infografia, efektu bisualak eta argiztapen diseinu ikusgarria. Izan ere, Bergarako eta Gipuzkoako gainerako herrietatik batutako hainbat talde eta kultura elkartek hartu dute parte, eta, guztira, 150 lagun inguru izango dira taula gainean. Herritar anonimoez gain, izen propio asko ditu Bretxa-k. Toti Martinez de Lezea, Oihan Vega eta Valen Moñux daude oinarrian, baina ezinbestekoa da beste izen batzuk aipatzea ikuskizunaren tamaina ulertzeko: orkestrazioa Mikel Markiegiren ardura izan da; Txemi Etxebarria da orkestra-zuzendaria; abeslarien eta abesbatzen zuzendari lanetan Marije Ugalde aritu da; koreografien eta dantzen zuzendaria Carol Gomez da; eta zuzendari laguntzaile lanetan Ander Arruti aritu da. Horrez gain, Donostiako historian trebatuak diren Jose Maria Leclerq eta Jose Javier Pi Chevrot ere badira lantaldeko parte.
Idazlearen "konfiantza osoa"
Martinez de Lezearen eleberria musikal batera egokitzea "erronka handia" izan da, Vegaren arabera: "300 orri ezin dira bi ordutan irakurri, baina egokitzapenarekin pozik gaude. Agindu bakarra eman zigun Totik, nik aldez aurretik ere garbi nuena: istorioa ez kutsatzea. Ezinbestean gertakariak konprimitu behar izan ditut, bigarren mailako pertsonaia batzuk kanpoan utzi eta beste hainbat egokitzapen egin, baina muina ez da aldatu. Asko eskertu dugu Totiren konfiantza; gaur-gaurkoz, gidoia eta lauzpabost pieza besterik ez ditu ikusi, hala nahi izan duelako".
Musikal bat izanik, oinarritik hasi ziren. "Musikarekin hasi ginen, orkestrarekin. Musikariei gomendatu nien eleberria irakurri zezatela, eta askok kasu egin zidaten, eta lehen piezak jotzen ari ginela haietako batzuek esan zidaten nobelako gertakariak ikusten ari zirela. Opari bat izan zen niretzat", dio Vegak. Eta ikusleari begira ere gomendio bera dauka Moñuxek: "Nobela irakurri gabe ederto ulertzen da musikala, baina irakurrita dutenek gehiago gozatuko dute. Inongo erreferentzia barik zinemara pelikula bat ikustera joatea errazagoa da. Ikuskizun musikaletan, berriz, erreferentziak aldez aurretik izanez gero, askoz gehiago gozatzen da, musikak memorian asko eragiten duelako".
Martinez de Lezeak ez du musikala osorik ikusi nahi izan, baina ikusi dituen pasarte txikiek harrituta utzi dute: "Zerbait arinagoa izango zela pentsatzen nuen, baina ikusi dudan apurra oragarria iruditu zait, benetan". Idazle ezagunak "erabateko konfiantza" duelako BAM taldearengan: "Eskarmentua dute musikaletan; beste batzuk ikusi ditut eta ederto dakite lan egiten. Jarri nien baldintza bakarra izan zen eleberrian kontatzen dudan istorioa ez dezatela desitxuratu baina hortik aurrera libre utzi diet sortzen, konfiantza osoa dudalako eurengan".
Gernika baino lazgarriagoa
Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiako pasarterik ilunenetako bat da Bretxa-k kontatzen duena, 1813an Donostia erre zutenekoa. Gertakariaren larritasunean sakontzeko Bretxa musikalerako lantaldeko kide izan den Jose Maria Leclerq historialari eta arkeologikoaren hitzak ekarri ditu gogora Moñuxek: "1937ko Gernikaren bonbardaketa oso motz geratzen da 1813ko Donostiako sutearekin alderatuta, sarraskiaren ikuspegitik begiratuta. Baina askoz gehiago idatzi da Gernikako bonbardaketaz Donostiako suteaz baino. Musikalerako tragedia apur bat arindu badugu ere, istorio oso-oso gogorra da".
Vegak bat egiten du Moñuxen irakurketarekin: "Musika tragikoa konposatzea zailagoa da komedia baterako musika arinagoa konposatzea baino. Baina, harago joanda, Bretxa-k badu beste zailtasun gehitu bat: gure historia da, eta oraindik oinordekoengan dauden orbainak zabalik daude; horrek errespetu handiagoz konposatzera behartzen zaitu. Adibide zehatz bat jarriko dizut: Donostian ezaguna den Brit abizena –kultura zinegotziak badu abizenen artean Brit, esaterako– dator britain atzizkitik, bortxaketen ondorioz jaiotako umeei jartzen zitzaiena".
VALEN MOÑUX: "SARRASKI ALDETIK, GERNIKA OSO MOTZ GERATZEN DA 1813KO SUTEAREN ONDOAN"
Gerra, herritarren ahotik
Bortxaketen kontua entzun eta mahaiaren bueltan gertakari lazgarri hartaz gehien dakienak, Martinez de Lezeak, hartu du hitza: "Batzuk abizen barik ere geratu ziren. Eta egun haietan Donostian gertatu zirenen adibide moduan, frogatuta dago, besteak beste, bi neskatila bortxatu ostean su eman ziotela sotoari eta bizirik erre zituztela; beste emakume bat barrika batera lotu eta baioneta bat sartu zioten alutik; 80 urteko beste emakume bat bortxatu eta balkoitik bota zuten... Hori bai, ez dakigu apenas ezer hainbat zalantza argitzeko; tartean, Donostiatik irtetea lortu zuten herritarrekin zer gertatu zen. Izan ere, garai hartan jendea ez zen garrantzitsua. Historikoki dugun erreferentzia bakarrenetarikoa da hiria kiskalita geratu eta hilabete batzuetara 100 gizonezko –emakumerik ez zegoen hor– Zubietan elkartu zirela gertatutakoaren gaineko deklarazio bat egiteko. Bertsio bakarra dugu; hain zuzen ere, nobela idazten hasi nintzenean oraindik oso hedatua zegoen Donostia frantsesek erre zutela dioen bertsioa; ez ziren frantsesak izan, ingelesak baizik. Horrek erakusten du gertakari ilun hura ez dela behar den moduan argitara eman oraindik ere".
Amaitzeko, Donostia donostiarrek berreraiki zutela gogoratu du idazle ezagunak: "Cadizko gorteek ez zuten xentimorik bideratu Donostiarako. Donostiarrek berreraiki zuten hiria; gogorra bezain ederra da hori. Gure historia ez dago lorpen handiez josita, beti izan garelako herri oso txikia, baina hor daude eta ezin ditugu ahaztu". Hain zuzen ere, herriaren istorioa kontatzearen garrantzian sakontzen du Martinez de Lezeak: "Ez dugu izen handien historia kontatu nahi, herritarrena baizik. Bretxa-k ez du gertaera ikuspegi militarretik kontatzen, herritarren eta, bereziki, emakumeen ikuspegitik kontatzen du".
Frontoiko emanaldirako sarrerak salgai
Bretxa musikalerako sarrera guztiak agortu ziren Donostiako Victoria Eugenia antzokirako, eta, horregatik, laugarren emanaldi bat antolatu dute; Bergarako udal pilotalekuan izango da, martxoaren 4an (20:00). 800 bat lagunendako lekua dago frontoian eta sarrerak badaude oraindik; seminarixoa.eus webgunean eros daitezke, 20 edo 25 eurotan.
Valen Moñux zuzendari eszenikoaren arabera, "aurreikuspen guztiak" gainditu dituzte Donostian: "Ez genuen halako erantzunik espero. Jende piloa geratu da sarrera erosi ezinik". Musika Eskolako zuzendari Marije Ugalderen arabera, ikasle guztien ametsa bete da: "Victoria Eugenia antzokia beteta ikusiko dute hiru emanaldietan". Musikaren egile eta musikalaren zuzendari Oihan Vegak dio Bergarako emanaldia berezia izango dela: "Gure etxean izanik, gure jendearen aurrean, emanaldi berezia izango da. Badakigu kanpoko jende piloa etorriko dela Bergarara; horrenbestez, ez dadila inor Bretxa ikusi gabe geratu".