Bost domina ekarri dituzte Bergarara Getxoko Euskadiko txapelketatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 21a, 16:19

Bergara Igeri Elkarteko infantil mailako Ane Alberdi, Edith Heis, Uxue Vivas eta Alazne Lozano igerilariek bost domina ekarri dituztee Euskadiko txapelketatik; dominekin pozik egonda ere, 50 metroko igerilekuan lehiatu izana "askoz zailagoa" izan dela diote.

Bergara Igeri Elkarteko infantil mailako igerilariek nabarmentzeko lana egin zuten joan den asteburuan Getxoko Fadura kiroldegian jokatutako Euskadiko txapelketan. 2008an jaiotakoen artean Ane Alberdi eta Alazne Lozano izan ziren Getxon. Alberdi hiru dominarekin itzuli da: bizkar estiloko 100 metro proban urrezko domina lortu zuen; estilo libreko edo crawl estiloko 50 metroko proban zilarrezko domina; eta, azkenik, bizkar estiloko 50 metroko proban brontzezkoa lortu zuen.

Alberdik gehiago espero zuen

Alberdi gustura dago egindakoarekin baina badaki hobetzeko tartea baduela: "Espero nuen dominaren bat ekartzea, entrenamenduetan ikusten nuelako sasoi onean nengoela. Horregatik, buruan nuen markaren bat hobetzea baina ez zen posible izan. 50 metroko igerileku baten sekula lehiatu gabekoa nintzen eta arraroa egin zitzaidan; izan ere, gu ohituta gaude 25 metroko igerilekuan lehiatzera eta aldea igartzen da, biratzeak erdiak direlako eta gehiago kantsatzen zarelako". Denboraldi honetarako buruan zuen helburua ere partekatu du GOIENArekin: "Denboraldi honetan neguko Espainiako txapelketarako gutxieneko marka lortzea nahi nuen; udakoak lortu ditut, baina negukoak zailagoak dira. Neguko markak lortzeko Getxoko hitzordua zen azken aukera eta ez nuen lortu; ea hurrengo denboraldian posible den...".

Lorpen pertsonalez harago, pozik dago Alberdi Bergara Igeri Elkarteko infantil maila osasuntsu dagoelako: "Oso polita izan da, besteak beste, hiru errelebo eroatea lortu genuelako. Hori aspaldi ez zela gertatzen Bergarako taldean, eta poztekoa da". 2008an jaiotako Alazne Lozanorentzat, berriz, lehen aldia izan da Euskadiko txapelketa baten: "Esperientzia polita izan da. Sentsazioak ez dira onenak izan badakit-eta azkarrago igeri egiteko gai naizela, baina lehen aldia izateko oso pozik nago".

50 metrokora ohitu barik

2010ean jaiotakoen artean, berriz, Edith Heisek brontzezko domina lortu zuen bizkar estiloko 100 metroko proban. 50 metroko igerilekuan lehiatzea zailagoa egin zitzaiola dio: "Iaz hartu nuen parte lehen aldiz Euskadikoan; Getxon izan zen, baina 25 metroko igerilekuan. 50 metrokoan lehen aldiz izan da oraingoa eta nabarmen zailagoa da. Biratzeetan erdia deskantsatu izana igarri nuen, baina pozik nago". Azkenik, Uxue Vivasek lehen aldiz hartu zuen parte Euskadiko txapelketan eta crawl estiloko 200 metroko hirugarren sailkatu ostean brontzezko dominarekin itzuli da Bergarara: "Lehen aldiz egon naiz Euskadikoan eta domina batekin nator... 50 metroko igerilekuan lehiatzea gogorragoa izan arren esperientzia oso polita izan da".

Dominez harago, esfortzua

Bergara Igeri Elkarteko entrenatzaile Asier Perezen arabera, txapelketa "oso gogorra" izan zen Getxokoa: "Lau jardunaldi jokatu ziren, zapatuan eta domekan goiz eta arratsaldez. Igerilari bakoitzak bakarkako hiru proba egin ditu eta hiru errelebo. Nekagarria izan da igerilariendako eta dominekin eurekin baino gehiago, dominak horiek lortzeko atzeko lanarekin eta esfortzuarekin geratzen naiz. Ulertzen dut igerilariendako pizgarri garrantzitsua direla dominak kirol eder honi lotuta jarraitzeko, baina lana da sekretua hemen...".

Lau igerilari hauengandik zein ezaugarri azpimarratuko zuen galdetuta, honako hau erantzun du Perezek: "Igeriketa kirol indibiduala dela pentsatu arren, maila honetan talde giroak garrantzi handia dauka eta Bergaran sekulako giroa dute lanerako. Elkar animatzeko eta laguntzeko duten gogo horrek ez du preziorik. Horregatik Bergarako neska-mutikoak animatuko nituzke igeriketa probatzera". Hurrengo zita aipagarriena junior mailako Euskal Herriko txapelketa izango da Bergararentzat, martxoaren 11n eta 12an Nafarroan jokatuko dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak