"Pello Garitano iaz hil zen eta pentsatu dugu martxa zikloturista egitea, ukitu herrikoia izango duena. Herrian eta herriarengatik gauza asko egin zituen, eta, gure kasuan, ziklismoagatik. Hori horrela, martxa motz bat egingo dugu, eta jendea animatu nahi dugu", adierazi du Ion Unamunok, Lokatza Zikloturismo Elkarteko kideak.
Unamunok ondo esan bezala, ibilbidea motza baina aldapatsua izango da, Izan ere, San Martin plazatik hasi eta Bidekurutzetan San Pedro kalea zuzen hartuta Burdiñateruntz joko du tropelak. Handik Gorlaraino aldapa gora izango da.
Gorlara igoera martxoaren 25ean
Martxoaren 25ean, goizeko 11etan egingo da proba, eta izaera herrikoia izango du, Pelloren izaera bera herrikoaia zela kontuan hartuta. Hori dela eta banaka edo kuadrillaka izena emateko aukera ere egongo da; asko jota, lau laguneko taldeetan (lauko kuadrilak). "Mozorrotuta etortzeko animatu nahi diegu parte-hartzaileei, Pellori Aratusteak asko gustatzen zitzaizkiola kontuan izanda".
Izen-ematea otsailaren 18an ireki zuten, eta martxoaren 22 arte egongo da epea apuntatzeko. Federatuek bost euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuek zortzi euro. kirolprobak.com webgunean izango da izen emateko lekua.
Babesle nagusia Bergarako Udala da eta herriko komertzioek ere eskaini duten laguntza izugarria izan dela adierazi du Unamunok. "Sariak parte-hartzaileen artean banatu nahi ditugu zozketa bidez, eta, 30 komertzio inguru animatu dira laguntzera beraien produktuekin". Sariak, berriz, Irala kalean zozketatuko dituzte, 13:30ean.
Parte-hartzeko ikus-entzunezkoa
Jendea animatzeko, Pello Garitanoren txapela herritarren artean pasata, Hartu txapela!! Gorlara I. igoera zikloturista izenpean ikus-entzunezkoa egin dute antolatzaileek Pello Garitanoneren omenezko zikloturista proban parte hartzeko.