Ekitaldi mordoa antolatu ditu Bergarako Orfeoiak mendeurrena ospatzeko

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 2a, 15:00

Bergarako Orfeoiak 100 urte beteko ditu aurten eta horren harira bi kontzertu eskainiko ditu ekainean eta azaroan; halaber, erakusketa, dokumentala eta David Azurza konpositoreak mendeurrena dela-eta egindako abestia aurkeztuko dituzte.

Bergarako Orfeoiak 100 urte beteko ditu aurten eta, horren harira, hainbat ekitaldi berezi antolatuko dituzte urte honetan zehar; izan ere, Orfeoiko zuzendari Aitor Bidarteren esanetan, 100. urteurrena "ondo" ospatzea da asmoa. Halaber, Orfeoiaren une historikoak kontatu nahi dituzte prestatutako ekintzetan.

Alde batetik, aurreratu duenez, bi kontzertu berezi egingo dituzte: lehena maiatzaren 20an San Pedro elizan egingo den kontzertu sinfonikoa izango da. Hauxe adierazi du Biainek: "San Pedro eliza kontzertu sinfoniko garrantzitsuen testigu izan da urte hauetan guztietan eta guk ere eutsi diogu kontzertu sinfonikoak egiteari. 2023an ezin da horrelakorik falta". Egun horretan gogoan izan nahi dute baita Debagoieneko koru sinfoniko bezala sortu zen Lausardi Koru Sinfonikoa ere. Obrari dagokionez, publikoarentzat nahiz orfeoiarentzat "kuttuna" den obra eskainiko dutela aurreratu du Biainek: Mozarten Requiem-a. Berrehundik lagunetik gora arituko dira.

Orfeoiaren une historikoak bildu nahi dituzte mendeurreneko ekitaldietan

Bigarren kontzertua azaroaren erdialdean izango da, Udal Pilotalekuan, 100 urte kantuan: "Musikalki 100 urteko argazkiak bilduko dituen kontzertua". Orfeoiak organoarekin, Bandarekin eta Orkestrarekin izandako harremana erakutsi nahi dute, eta musikalak ere izango du lekua.

Erakusketa eta dokumentala

Musika emanaldiez gain, bestelako kontzertuak egitea ere aurreikusi dute. Bideoek, kartelek eta argazkiek osatutako 100 urteko historia izeneko erakusketa jarriko dute Aroztegin ekain aldera.

Dokumentala grabatzeko asmoa ere badaukate eta hainbat elkarrizketa, une historiko, irudi eta adierazpen biltzea da helburua, eta Aroztegin aurkeztea. Gainera, 100 urteak ospatzeko, mendeurreneko abestia egiteko eskatu diote Orfeoiko zuzendari izandako David Azurza konpositoreari. Oraindik estreinaldiaren eguna zehazteko badago ere, badu izena: Laino izara artetik.

Irudi berria

Logo aldaketa egin du Orfeoiak eta berria aukeratzeko lehiaketa jarri zuten martxan. Irabazlea Amaia Guridi izan zen. Hauxe adierazi du: "Aurretik eduki dituen beste logoetan ere lira agertzen da eta horregatik mantendu dut, baina itxura berrituarekin". Halaber, azaldu du letrak ere lirari erreferentzia egiten diola eta letretako urdina Bergararen urdina dela. Bi logo egongo dira aurten, oinarri berbera dutenak; batek, 100 zenbakia izango du urteurrenaren "lekuko moduan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak