Adineko pertsonen kontseilua eratuko dute Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 31a, 12:43

Adineko pertsonen kontseilua sortzeko lehen urratsa eman zuen atzo Bergarako udalbatzak, kontseiluaren erregelamenduari hasierako onarpena emanda. EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren zein alderdi sozialistaren abstentzioarekin egin zuen aurrera proposamenak. 

Kontseilu hau sortzearekin azken urteetako eskaera bati erantzuten zaio. Nagusilan, San Joxepe, Goienagusi eta Duintasuna elkarteekin batera ondutako proposamena da, EH Bilduren Udal Gobernuko eledun Nagore Iñurrategiren esanetan, eta adineko pertsonen partaidetza, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea dira, besteak beste, kontseilu honen helburuak. "Lehen unetik jarri ginen harreman eragileekin, Nagusilan, San Joxepe, Goienagusi eta Duintasuna elkarteekin. Euren oniritzia jaso genuen kontseilua eratzeko; oposizioarekin ere jarri ginen harremanetan euren ekarpenak ere jasotzeko baina orduan ez genuen ezer jaso", gaineratu du Iñurrategik.

Oposizioaren ekarpenik eta babesik gabe

EAJk abstentziora jo zuen zalantzak dituztelako eratzear dagoen kontseilua beharrezkoa den eta diote jarraipena egingo diotela behin funtzionatzen hasi ostean. "Hirugarren adinaren bueltan herrian dauden elkarteek helburu ezberdinak dituzte. Akaso mahai bat eratzea eraginkorra izan daiteke eta beharrezkoa momentu puntualetan; baina kontseilu bat maiztasun finko batekin ez dugu ikusten edo zalantzak ditugu. Ikusiko dugu martxan jartzen noraino iristen den...", dio EAJko bozeramaile Maite Agirrek.

Alderdi sozialistak, ordea, uste du ekimenak baduela erabaki elektoralistatik. "Ze garaitan gauden ikusita, ekimenari kirats elektoralista dariola esan dezakegu. Hauteskundeak ate joka daude eta pentsatu daiteke Udal Gobernua oportunismo politikoz ari dela jarduten. Horrek kezkatu egiten gaitu, hala balitz suposatuko lukeelako gobernuak oportunismoz landu duela parte hartzailea eta zabala izan beharko zen kontseilua", deritzo PSE-EEko eledun Alberto Alonsok. 

Beste kontseiluetako araudiak oinarri

Udal Gobernuaren Bergara izan, bizi, ekin agintaldiko planean jasota dago egitasmoa. Dagoeneko martxan dauden beste kontseiluetako araudiak aztertu eta honetara egokitu ondoren egin zuen Udalak lehen proposamena. Eragileek horri egindako ekarpenekin osatu ondoren eraman da proposamena plenora. Lehen onarpena eginda jendaurrean jarriko da 30 egunez, ohi bezala. Behin betiko onarpenarekin aurkezpen publikoa egitea aurreikusten da, eta adineko pertsonen inguruan lanean ari diren eragile eta norbanakoak kontseilura batzeko ekimenak jarriko dira martxan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak