Bergarako Kirol Zerbitzuko ohorezko abonatu-txartela eskuratu dute herriko sei kirolarik

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urt. 26a, 16:04

Pili Arinek, Euken Azpeitiak, Maddi Barrocalek, Aitor Erañak, Joxean Iñarrak eta Maria Sanchezek abonua doan izango dute urte osoan; bergararrek kirolean egindakoa saritu nahi izan du Udalak, eta herritarrek eta taldeek egin zituzten proposamenak.

Pili Arinek, Euken Azpeitiak, Maddi Barrocalek, Aitor Erañak, Joxean Iñarrak eta Maria Sanchezek eskuratu dituzte aurten Bergarako Udalak banatu dituen Kirol Zerbitzuko ohorezko abonatu-txartelak. Pozik baina ezustean hartu dute berria. Kirolari horiek urte osorako banakako abonu osoa dohainik izango dute. Hainbat herritarrek kirolaren alde egiten duten edo egin izan duten lana eskertu eta kirol arloan lortutako emaitzak saritu nahi izan du Udalak ekimen horrekin.

Edozein herritarrek eta entitatek aurkeztu ahal izan du proposamena; baita Udalak ere. Udaletik jakinarazi dutenez, sariak emateko orduan kontuan hartu dituzte merituak, eskainitako denbora, inklusibitatea, kirol-aniztasuna, generoa, adina, kirol-modalitateak eta kirol-egokitua, besteak beste.

Herritarrek, proposamenak egiteaz gain, bozkatu ere egin dute, eta boto emaileen artean hiru hilabeterako doako abonua zozkatu dute. Irabazlea Asier Muñoz izan da.

Saridunak gertutik

Pili Arinek bizitza osoa darama kirola praktikatzen –esaterako, atletismoa eta boleibola– eta Bergarako atletismoaren historia liburua idatzi du. Luzaketa taldearen gidaria ere bada, Agorrosinen, duela urte askotatik. Bere ustetan, azken hori izan da ohorezko abonu txartela lortzearen arrazoi nagusia: "Oso pozik eta sorpresaz hartu dut. Eskerrak eman besterik ez daukat; hainbat urtean ibili naiz luzaketa talde bat bideratzen, doan. Suposatzen dut Udalak horregatik eskerrak eman nahi dizkidala. Egunero joaten naiz kiroldegira eta urte osoko doakotasun hori aprobetxatuko dut".

Euken Azpeitia, berriz, gaztetan pilotan eta futbolean aritu zen, baina gaur egun, padel jokalaria da. Bere esanetan, berria jaso zuenean harritu egin zen, baina era berean, pozik hartu zuen: "Ekimen hau zabaldu zutela eta nire izena eman zutela jakin nuenean, poztu egin nintzen. Plazera da hautatua izatea. Halaber, ona da horrelako ekimenak antolatzea herrian kirola sustatzeko".

Maddi Barrocalen kasuan, pilotaria da eta hainbat txapelketa irabazi ditu, hala nola Reyes Azkoitia saria 2022an, Bergara Hiria 2018an eta 2021ean eta Plazandreak 2021ean. Honek ere ezustean hartu zuen deia, eta Bergarako emakume pilotariei buruz galdetuta, "gutxi gaude nesketan, baina bultzada handia ari da hartzen".

Aitor Eraña mendian, lasterketetan eta maratoietan nabarmendu da; Pol Poleko presidente izandakoa, Bergara Oinez proiektuaren bultzatzaileetako bat da. Sariketa egunean, Pello Garitanoz oroitu zen: "Eskertza egin nahi diot nire maisu izan zen Pello Garitanori. Hark Bergaran borondatez egindako guztia eta hura beti hartu izan ditut eredutzat. Batzuk ez gara haren mailara heltzen, baina hor jarraitzen dugu".

Bergarako Shotokan karate taldeko bultzatzaile eta irakaslea da Joxean Iñarra eta Hanka Labanka taldeko patinatzailera ere bada. Iñarrak dio orain arteko lanari aitortza egiteko modu bat dela: "Benetan eskertzen dut. Shotokan taldea bost lagunen artean sortu genuen eta orain sei monitore dauzkagu. Espero dut etorkizuna izatea".

Azkenik, Maria Sanchez atleta: Hankaluze trail taldeko kidea da eta hirugarren postuan geratu zen joan den urtean ekainean egin zen Marimurumendi lasterketan. Ez zuen inondik inora saria jasotzea espero, eta bere bizitzan kirolan duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, ez du bere bizitza kirola egin barik ikusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak