"Herriaren babes handiagorekin indarberrituta" ospatu nahi du Xaxauk 15. urteurrena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 25a, 14:59

2023a urte berezia izango da Bergarako Xaxau jai herrikoien konpartsarendako, aurten 15 urte beteko dituzte-eta. Pandemiak min handia egin zion konpartsari eta indarberrituta itzultzeko urte osoan zehar antolatuko dituzte ekintzak. Urteurrenaren berri festa giroan emateko jaialdia antolatu dute egubakoitzerako, urtarrilak 27, Kartzela zaharrean (22:00).

Urtarrilaren 27ko jaialdian urteurrena bera aurkeztuko dute, Xaxauren sorrera gogora ekarriz, eta ondoren Danbaka musika lehiaketako publikoaren saria irabazi berri duen Aiert eta DJ Argi eta Txo izango dira gaua girotzeko. Sarrera hiru euro ordaindu beharko da.

Urteurrena aurkeztu ostean bilera ireki bat egingo dute otsailaren 4an Ehunduren bulegoan (11:00) 2023ko Pentekosteak antolatzen hasteko, Xaxauk jende eta ideia berriei ateak parez pare dituelako zabalik.

Aurten ere, txosnagunea Oxirondon seguruenik

Iaz Oxirondon jarri behar izan zuten txosnagunea Zubieta kaleko lanek eraginda eta aurten ere aurreikusten dute leku berean jarri beharko dutela Masterreka berritzeko obren ondorioz. Azokako aparkalekua leku egokia dela diote.

Gaur egungo xaxautarrek duela 15 urte konpartsa sortu zutenekin ere egon ziren 2022ko urrian, besteak beste, konpartsaren balioen transmisioa bermatzeko. Hain zuzen ere, Xaxauk etorkizuna bermatuta izan dezan konpartsak kide eta ideia berriak beharko dituztela nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak