San Martin eskolako patio inklusibo berria, martxo hasieran erabilgarri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 24a, 14:59

Bergarako San Martin eskolako Haur Hezkuntzako gunean patio berria egiteko lanak aurrera doaz. 2021 amaieran estalpea jarri ondoren, 2022 amaieran patioa eraberritzeari ekin zitzaion eta aurreikuspena da martxoaren hasierarako bukatuta egotea.

Eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako patioetan zegoen hutsunea aspaldi identifikatuta zuen eskolako komunitateak, 2021. urteko irailean Lehen Hezkuntzako patioan jolas librerako eremua inauguratzerakoan gurasoen ordezkariek azaldu zutenez. "Kirola zen eskaintza nagusia bietan eta ikasle asko geratzen ziren dinamika horretatik kanpo. Argi genuen ikasle guzti-guztiei jolaserako askotariko aukerak eskaintzen zizkien kanpo espazio inklusibo bat behar genuela. Horrela abiarazi genuen patioak eraldatzeko prozesua".

Ur hodi baten apurketa

Obrak hasi eta berehala ur hodi bat apurtu zuten langileek eta horrek "ur emari handia" eragin zuen, eskolako zuzendari Joserra Lasaren arabera. Ur hodi hori konpontzeak 12.000 euroko kostua izan du eta prezioan ez ezik obra amaitzeko epean ere eragin du; aurreikuspena da obra martxo hasierarako bukatuta egotea.

Hiru laurdena Udalak eta gainerakoa guraso elkarteak

122.429 euro pasako inbertsioa egin da patioa berritzeko. Udalak kopuru osoaren %75 pasatxo hartuko du bere gain eta gurasoek gainontzeko ia %25a. Udalaren inbertsioa urte hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa izango da, izan ere, Eusko Jaurlaritzatik patio inklusiboetarako espero ez zen diru-laguntza jaso da, eta horrek, hasieran aurreikusi ez bezala, patioaren azalera guztian eragitea ekarriko du. Ekopaisaia eta Izarraitzpe Lorazaintza enpresak ari dira lanok gauzatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak