Buztinzale elkartearen erakusketa, urtarrilaren 22ra arte ikusgai

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 14a, 15:26

Bergarako Buztinzale elkarteak, urtero moduan, erakusketa jarri du Aroztegi aretoan, urtean zehar egindako lanak herritarrei erakusteko asmotan, eta datorren aste osoan egongo da ikusgai, urtarrilaren 22ra arte. Gaur-gaurkoz, 32 bazkide ditu elkarteak, eta horietako hainbatek egindako 60 bat pieza daude erakusketan.

Piezetako asko buztin zuriarekin eginda daude, eta beste batzuk, berriz, gorriarekin. Eskulturetarako, txamotadun buztina erabili dute eta aurten, material berri modura, lanpara moduko bi pieza jarri dituzte, portzelana eta egunkari paperez egindako nahasketa batez egindakoak. Era berean, Buztinzale elkarteko kide zen Maria Jesus Mancisidorren omenez, haren piezak ere jarri dituzte ikusgai.

Egubakoitzean ireki zuten eta, oraingoz, behintzat, harrera ona izaten ari da erakusketa, urtero moduan. "Egia esan, ez dugu kontrolatzen zenbat jende pasatzen den erakusketatik baina, oro har, oso komentario positiboak egiten dizkigute herritarrek kalean", azaldu du Nerea Olaskoagak, Buztinzale elkarteko kideak.

Jende gaztea elkartean

Buztinzale elkartea osasuntsu dagoela onartu du Olaskoagak. "Azken urteetan, jende gazte asko sartzen ari da. Badirudi, sare sozialen bitartez-eta, modan dagoela zeramika mundua eta gazteei ere asko gustatzen zaiela". Hori albiste ona dela gaineratu du, elkarteak martxan jarraitu dezan.

Felipe Zelaietaren bertsoak

Buztinzale elkarteko Belen Urutxurturen senarra da Felipe Zelaieta bertsolari mallabiarra, eta erakusketa ikustera etorri zela baliatuta, bi bertso eder bota zituen GOIENAko kameren aurrean, bertaratu zirenen txalo zaparradak jasoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak