Oñatiko Aiert, Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton aukeratu ditu epaimahaiak urtarrilaren 13an Bergarako Seminarixoan jokatuko den final handirako (21:30). Hiru proiektuek "bestelako emanaldi bat" eskainiko dute finalean; hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte, Danbaka musika lehiaketaren bosgarren edizioa berezitu duen aniztasunaren adierazle. Finala nola prestatzen ari diren jakiteko jaso dute GOIENAren deia. Hiru proiektuek hartu dute "sorpresaz" finalera sailkatu izana, eta diote gozatzera igoko direla oholtzara.
Aiert, bakarlari bakarra
Finalerako aukeratua izatea "sekulako sorpresa" izan da Aiert Alberdirentzat, lehiaketako bakarlari bakarrarentzat: "Estiloei eta taldeen osaerari dagokienez dagoen aniztasunagatik ez nuen espero. Maila handia erakutsi dute proposamen guztiek eta, gainera, bakarlari moduan aurkezteak ez dut uste mesederik egingo zidanik...". Ordu erdi beharrean 45 minutu jotzeko gogotsu dago: "Abesti gehiago jotzeko aukera izango dut, 15 minutu gehiago egon ahalko naiz agertoki gainean".
"SORPRESAK IZANGO
DIRA, ETA IKUSLEA
TOKI ASKOTARA
ERAMATEN SAIATUKO
NAIZ ZUZENEKOAN"
Final handira begira "asko" entseatzen ari dela dio: "Asko ari naiz entseatzen, ahalik eta konfiantza handien hartzeko, ahalik eta ondoen eta gusturen egon nadin oholtza gainean. Prestatu dudan hori eskaintzera igoko naiz, buruari buelta askorik eman barik". Finalean gozatzea da du helburu, ikus-entzulea ahalik eta gehien gozaraztearekin batera: "Sorpresarik ez dut aurreratuko, baina esan dezakedana da ikus-entzulea toki askotara eramaten saiatuko naizela zuzenekoan zehar". Esker on hitzak ere baditu Alberdik: "Eskerrak eman nahi dizkiet antolakuntzari, epaimahaiari eta publikoaren sarirako botoa eman didatenei. Mila-mila esker, bihotzez".
Ia izena ez ematetik, finalera
Arragoa taldeko Asier Elorzak ere aitortu du ez zutela inondik inora espero finalean egotea: "Izena emateko asmorik ere ez genuen hasieran, gure musika estiloa aproposa ez zelakoan halako lehiaketa baterako. Sentsazio onekin jo genuen eta kalean oso kritika onak jaso genituen. Oso gustura bukatu genuen, baina finalerako sailkatzearena beste kontu bat da... Ilusio handiz gaude". Urtarrilaren 13an bestelako emanaldi bat egingo dutela aurreratu du Elorzak: "Ahal dela, ez dugu abestirik errepikatu nahi. Kontzertu berdina ez dugu eroango, behintzat. Hasita gaude prestaketekin, beste ildo bati heltzeko. 45 minutuko erronka gustura hartzen dugu. Aurreko kontzertuari beste buelta bat emango diogula bermatzeko moduan gaude, kontzertua beste maila batera igotzeko saiakera egingo dugula. Berrikuntza interesgarriak egongo dira, ziur!".
"FINALERAKO GURE
ERRONKA IZANGO DA
IKUSLEA IRRIBARRE
BATEKIN IRTETEA
SEMINARIXOTIK"
Finalaren prestaketara begira taldekide guztiak elkartzeko arazoekin dabiltza, hori bai. "Bi edo hiru taldekide elkartzea nekeza bada, imajinatu zortzi kide izanda... Elkartzeko arazoekin ari bagara ere, buruan dugun gidoia ondo entseatuta helduko gara finalera", aurreratu du Elorzak. Eta gonbidapena egin die musikazaleei urtarrilaren 13an Seminarixora joan daitezen: "Ikusleak ez ditugu axolagabe utziko; gure erronka izango da irribarre batekin irten daitezela. Eskerrik asko, Danbaka!".
The Clayton, norabide berrian
Boskote aramaioarra ere dena ematera irtengo da, taldeko abeslari Jokin Larrañagaren arabera: "Talde asko pasatu dira eta finalistetako bat izatearekin oso pozik gaude. Gainera, bigarren diskoa ari gara prestatzen; Danbakan urriaren 14an eman genuena izan zen gure azken kontzertua. Ez dugu Danbaka jarrera lehiakorretik hartu, baina orain, finalean gaudela, gure eskuetan dagoena egingo dugu oso interesgarria iruditzen zaigun saria irabazteko". Larrañagak aitortu du bazutela sailkatuak izateko esperantza, baina zail ikusten zutela: "Sekulako aniztasuna egon da, eta epaimahaiak ze irizpide erabiliko zituen ere ez genekien. Baina lortu dugu eta oso pozik gaude".
"NORABIDE BERRI BAT
HARTU NAHI DUGU;
ABESTI BERRI BAT
JOKO DUGU LEHEN
ALDIZ FINALEAN"
Finalean bestelako emanaldi bat egingo dute: "Errepertorioa prestatzen ari gara eta kostatzen ari zaigu kantuak aukeratzea. Estiloan norabide berri bat hartu nahi dugu eta horregatik ez ditugu abesti zahar batzuk jo nahi; amai- tu berri dugun abesti berri bat joko dugu Danbakan estreinakoz". Amaitzeko, lantaldeari eskerrak eman dizkiote aramaioarrek: "Danbakako lantalde ederra azpimarratu nahiko genuke; bereziki, soinuan, argiztapenean eta bideo grabaketan aritu direnak. Doakiela gure eskerrik beroena, ezinbestekoak izan arren betiko ikusiezinak direlako".
Finalean, sari nagusia –disko bat grabatzea–, publikoaren saria –bideoklip bat– eta Danbaka-Ekinez saria –2023ko Ekinez jaialdian jotzea– banatuko dira.