Hogei proposamenak epaimahaiaren ahotik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 9a, 07:45

Kristina Markinak, Nerea Loron La Furia-k, Iñigo Ugartek, Julen Narbaizak eta Aitor Aldanondok osatutako epaimahaiak Bergarako Seminarixoa aretotik pasatu diren hogei proposamenak baloratu ditu. Oro har, Danbakak izan dituen "aniztasuna eta kalitate handia" azpimarratu dute.

Lemak

Hiru mutil, alkandora loradunak, lotsa puntua eta arreta handia. Ez zen erraza izan haientzat itzuleran etorri den musika lehiaketa bateko lehen gaueko lehen emanaldia egitea; kontzertuan zehar hazten joan ziren, Cure taldeari egindako bertsio eta guzti. Bertsio hori izan zen abeslariaren karismak gainezka egin zuen unea; gordeta zuela zirudien grina kanporatzean, ikusleak harritu zituen.

Kiimak

Lehiaketan emakumeen presentzia nahi baino urriagoa izan arren, egon direnek eman dute gozatua; horren erakusgai da bikote antzuolar gaztea. Beste hainbat proiektutan bezala, pandemia garaian sortutako taldeari ezagun zaio esperientzia falta; baina gitarraz ederki lagunduta batzuetan, teklatuaz besteetan, eta ahots ederrarekin, ordu erdiko saio txukuna baino txukunagoa egin zuten.

The Clayton

Danbakaren bosgarren edizio honetako zuzeneko onena. Jarrera, teknika eta kantu landuak. Bailaran ohikoak diren distortsio indartsuetatik aldenduta, rock-and-rollaren erraietara jo zuten aramaioarrek. Suitza txikia-n rockaren suak bizirik segitzen du! Hori bai, ikusteko dago finaleko 45 minutuetan kanporaketako ordu erdian erakutsitako tentsioa mantentzeko gai izango diren...

Jasan

Aretxabaletako eta Eskoriatzako musikari gazteek rock-metal kontzertu indartsua eman zuten; ahotsak ondo konbinatu eta gitarra nagusiaren bakarkakoetan xehetasun teknikoak agerian utzi zituzten. Seminarixora joan zen jendeak kontzertuaz gozatu zuen eta, perkusionisten laguntzarekin, Kalakan taldearen Kantuz abestiaren moldaketa polit batekin amaitu zuten.

Eyharts

Elektronika eta irudiak agertoki baten gainean ezin hobeto dantzan, bikote bergarar honek sortutako ikus-entzunezko proiektu bat eskaintzeko. Alayn Carazok eta Jokin Guridik inprobisaziora irekitako esperientzia bat sortu zuten, non zentzumen guztiak jokoan sartu ziren. Proposamen zinez ezberdina Danbakarako, publikoak oso aintzat hartu zuena.

112

Taulara presiorik gabe eta gozatzera atera ziren eta emanaldi txukuna egin zuten. Punk-rocka gustuarekin egiten dute eta hori horrela denean taula gainean igarri egiten da. Taldeak ibilbide motza du, baina abeslariak, batez ere, presentzia handia eman zion; hasierako aukeraketatik kanpo geratu baziren ere, erakutsi zuten Seminarixoan jotzeko aukera izatea merezi zutela.

Inguma

Gure bailaran hain arrakastatsua izan den oi! musikaren beste ordezkari bat. Indarra eta gogoa borborka dute eta halaxe erakutsi zuten Seminarixoan; abestien konposaketa eta originaltasunean, aldiz, bidea dute aurretik; denbora beharko dute euren soinua eta marka bereizgarria aurkitzeko. Gogotik saiatu ziren publikoarekin konektatzen, eta lortu zuten.

Letagin

Eskarmentu handiko taldea. Onenen artean egoteko aukera handiak izan dituzte, finalera sartzear. Laukote oñatiarrak ez zuen hutsik egin pitzadurarik gabeko eszenaratze batekin, leku askotatik edaten duen rocka praktikan jarrita. Taularatze ikusgarriak publikoarekin konektatu zuen; bosgarren edizioko kontzertu onenenetako bat proposatu zuten.

Aiert

Gizartearen eta lehiaketaren beraren aniztasunaren erakusle, ikusleak gozarazi zituen Aiertek ahots benetan pertsonalarekin. Gitarra lagun, erakutsi zuen badakiela agertokia ziurtasunez eta irmotasunez zapaltzen. Abesti propio gutxi, baina eskaini zituenak hunkigarriak. Ibilbide oparoa aurreikus dakioke; hala ere, bertsioez harago, abesti propioak sortu beharra dauka.

Sukena

Esperientzia faltak eta arazo teknikoek apur bat zapuztu zuten Oñatiko boskotearen emanaldia. Pop melodiak eskaini zituzten, atseginak, eta Nahiaren eta Eiderren ahotsek protagonismo berezia hartu zuten. Pop euskaldunean oinarritutako proposamen interesgarria da oñatiarrena. Kontzertuen bidez lortu ohi den esperientzia baino ez zaie falta, baina lehengaia izan badute.

Balarrasa

Aramaioarrek barrenak hustu eta dena eman zuten Seminarixoan, eta agertokian eroso daudela erakutsi; gitarrari soka bat apurtuta ere, ez zioten jotzeari utzi. Badute ibilbidetxo bat egina, eta hori nabarmen gelditu zen zuzenekoan. Ikusleak xaxatu eta oholtzara gerturarazi zituzten; publikoan giro aparta sortu zuten haien metal doinuek. Oro har, kontzertu indartsua oso.

Broken Legacy

Emanaldi indartsua eta teknikoki landua egin zuten. Kontzertuak jotzetik zetozen, eta hori berehala igarri zen taula gainean. Presentzia, segurtasuna, baina, batez ere, urteetan egindako lana agerian. Metalak dituen kodeak, askotan, ez dira publiko zabalera erraz iristen, baina oñatiarrek muga horiek hautsi eta kalitatezko saio batekin borobildu zuten laugarren gaua.

Ktarsia

Ahots joko ederrak eta melodia finak eskaini zituzten Bergarako hiru neskak. Konpromiso politikoz betetako hitzez osatutako abestiak oinarri hartuta, jarrera handiarekin taularatu ziren. Gazteak izan arren, agerikoa da eskarmentua badutela oholtzaren gainean. Hirukote horren eboluzioa gertutik jarraitzekoa izango da. Danbakarentzat, sorpresa bikaina.

Iluminatizz

Emanaldi interesgarria eta ausarta izan zen aretxabaletarrena. Gazteak izan arren, kultura musikala eta lokalean egindako lana nabari zaie. Jotzen segitzea behar dute, erritmo aldaketak eta ahotsak lantzea. Musikalki definitzen doazen heinean, taldearen identitatea finkatu egingo dute; eta proiektuan sinisten eta lanean jarraitzen badute, taldea hazi egingo da, zalantzarik gabe.

Erromintxelak

Estilo ariketa bikaina izan zen, gipsy jazz doinu berezietan barrena. Teknikoki apartak eta eskarmentu handiko musikariak dira arrasatearrak, inprobisaziorako gaitasun handiarekin. Hori bai, ahotsaren arloa apur bat hotz geratu zitzaien. Taberna giroan gozatzeko proposamen ederra da, zerbeza eskuan. Ziur aurrerantzean ere izango dutela aukera euren musika plazaratzeko.

Etxepe

Musika urbanoak izan duen proposamen bakarra, eta hogei emanaldietatik publikoa gehien mugiarazi duena. Gaur egungo gazteen –eta ez hain gazteen– barruan mugitzen denaren erakusgarri. Esanguratsua. Konplexurik gabeko emanaldia egin zuten. Oso markatuak dituzten erreferenteetatik edaten dute; zuzenean jotzeko aukerak izango dituzte, hazteko, eta zeresana emango dute.

Arragoa

Bi familia, bi belaunaldi eta musika letra larriz idatzita. Kalitatea, prisma guztietatik begiratuta, eta heltzeko gaitasuna. Hori guztia Arragoa definitzeko, folk abestien errepertorioa bikain aukeratu eta ezin hobeto gauzatu ostean. Gorputz handiko eta arima sakoneko emanaldia izan zen; dantzari eta guzti izan ziren, bertaratutakoen gozamenerako.

Islabat

Bergarako eta Elgoibarko proposamenak lehen notetatik eragin zizkion oroitzapenak epaimahaiari. Oso berezia eta pertsonala den ahotsa, aukera asko ematen dituena; frontman-a makuluarekin igo zen oholtzara eta dena eman zuen ordu erdian. Beste gitarrarekin osatutako koruak politak izan ziren; talde moduan badute zer findu, oraindik badute-eta ibilbidea.

Orhi

Beti da gustagarria detaileak asko zaintzen dituzten proiektuez gozatu ahal izatea; hitzak mimatzen eta emakumeak buru dituzten taldeak badira, hobeto. Arazo teknikoak izan zituzten arren, kalitatea badutela erakutsi zuten; betiere, talentu handiko frontwoman indartsu baten gidaritzapean. Izan ere, taldeko buru den abeslariak aparteko lana egin zuen kantuan.

Sindy Berbenas

Arrasateko punk-oi! –eta baita metal doinuak ere azkenaldian– talde beteranoak asko gozatu eta gozarazi zuen zuzenekoan. Estiloari men eginez, gelditu gabe aritu ziren doinu indartsuak eta hitz zuzenak eskainiz, eta ikusleak mugiarazi zituzten. Urteetako ibilbideak kimika handia sortu du taldekideen artean, eta hori ederki geratu zen islatuta Seminarixoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak