Bergarako 26 musika taldek egin dute bat diskoa grabatzeko ekimenarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 4a, 13:34

Bergarako Udalak 11.000 euro bideratuko ditu ekimenera: "Taldeek aurkezpen modura erabili ahal izango dute grabatutako kantua, eta, bestetik, talde hasiberriek estudioa ezagutzea lagunduko du; eta etorkizunerako gordeta geldituko da garai honetako uztaren parte bat. Pozik gaude jasotako erantzunarekin, eta emaitza entzuteko gogoz".

Herriko musika taldeekin disko bat grabatzeko deialdia egin zuen Udalak azaro erdialdean, eta 26 taldek eman dute izena. Pozik agertu da Herritarren batzordeko arduradun-zinegotzi Ekaitz Aranberri musikarien aldetik jasotako erantzunarekin: "Ikusten ari ginen mugimendu handia dagoela herrian, eta ekarpen bat egin nahi genion sorkuntza horri Udaletik, lan berriak sortzeko bultzada izan daitekeelakoan. Taldeek aurkezpen modura erabili ahal izango dute grabatutako kantua, eta, bestetik, talde hasiberriek estudioa ezagutzea lagunduko du; eta etorkizunerako gordeta geldituko da garai honetako uztaren parte bat. Pozik gaude jasotako erantzunarekin, eta emaitza entzuteko gogoz".

500 disko aterako dituzte

Honako talde hauek egin dute bat deialdiarekin: Golden Blend, DBQ, Blind09 & Steezy, K-po, Bertso eskola, Hegazkin, Asanblada autoritarioa, Orhi, Amustei, Fly Shit, Fango, Kaleko Urdangak, Maitane eta Julen, Azkaiter Pelox, Harria, Ttipika, Diablues eta Bluezifer, Arragoa, Leire Moñux, Baykat, Lemak, Low Cost Deluxe, Egin.j, Josu eta Maita, Ktarsia eta Brigade Loco. Bergarako Auryn Studios estudioan egingo dira grabaketak urtarrila eta martxoa artean eta Udalak bananako hitzarmenak egingo ditu taldeekin; abestiaren jabetza taldearena izango da, eta Udala baimenduko dute diskoak atera eta saltzeko, baita kantak plataforma digitaletara igotzeko ere. 500 ale argitaratuko dira; aurrekontua 11.000 euro ingurukoa da.

Ekimenean parte hartzeko baldintzak hauek dira: abesti originala izan beharko du edo egile eskubideek babesten ez dutena; taldearen erdiak edo bi taldekidek bergararrak izan beharko dute; taldeak jardunean egon beharko du; ez dira onartuko era zuzenean edo zeharka indarkeria bultzatzen duten edota indarkeria motaren bati apologia egiten dioten proiektuak; estudioak ezarritako baldintzak bete beharko dira eta ezarritako epeetan grabatu beharko da; eta Udalak eskubidea izango du taldearen gaineko informazioa emateko eta bestelako zabalkunderako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak