Ireki dute lizitazioa Oxirondoko azokan obra egiteko, "erreferentziazko gune" izan dadin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko abe. 13a, 17:49

Oxirondoko azoka biziberritzeko "beharrezkoa" den obra lizitaziora ireki du Bergarako Udalak. "Oxirondo azoka erreferentziazko gune bihurtu nahi dugu eta horretarako prozesu bat egiten ari gara", adierazi du Ainhoa Lete alkateordeak. Proiektua exekutatzeko eskaerak abenduaren 26ra arte aurkeztu ahalko dira.

Letek gaineratu duenez, Oxirondo etorkizuneko topagunea izatea nahi dute: "Bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko duen topagune bat nahi dugu herrian. Kokagune bat eman nahi diogu lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoera horri buelta bat eman, eskaintza osatu eta eskaintza iraunkor bat sortu". Salmenta guneaz harago, topagune izatea da helburua. Sentsibilizazio eta formazio espazio bat ere edukiko du, eta koordinazio guztia bertatik eramango da.

Espazio fisikoa egokitu beharra

Proiektua gauzatu ahal izateko, espazio fisikoaren egokitzea ere beharrezkoa dela ikusi du Udal Gobernuak. Horri helduta, azokan sartu eta eskuma aldean gune bakarra sortzeko obra bat planteatzen da; ezkerreko aldean, berriz, espazio txikiak mantendu egingo dira eta hutsik daudenak bete; eskaintza osatzeko eta indartzeko. Azaroaren 28an argitaratu zen Udalaren kontratatzailearen profilean obra egiteko deialdia. Lizitazioaren zenbatekoa 345.443 euro da –%21eko BEZa barne–.

Gipuzkoako azoken sarea

Hilabetetako lanketa egin da dagoeneko, eta testuinguru orokorrago batean kokatuta dago proiektua. "2021ean, tokiko baserritarren azoken dinamizazioa eta sustapena helburu, Landaola elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako lurraldeko 16 udalerriren konpromisoarekin, Gipuzkoako azoken sarea proiektua abiatu zuen. Hor kokatzen da, halaber, Bergarako baserritarren azokaren inguruan 2021. urteko lehen seihilekoan egindako prozesua. Oxirondo azokari buruz hausnarketa konpartitua egin zen bertan aktiboki parte hartzen duten eragileen artean, elkarrekin, azokari balioa eman, eta etorkizunera begirako erronkak eta ekintzak identifikatzeko", adierazi dute Udaletik.

Hausnarketa-taldeko kideen parte hartzearen bidez Bergarako baserritarren azokako erronka nagusiak identifikatu, lehenetsi eta hauei aurre egiteko ekintza plana definitu zen.

Azoka bere osotasunean biziberritzea

Identifikatutako lehen erronka Bergarako baserritarren azokaren sustapenetik harago doan proposamena da: "Oxirondo azoka, bere osotasunean, biziberritzea da asmoa. Ekintza plan hau Udala herritar eta eragileekin elkarlanean egindako Bergara 2030 Egin Herrixa plan estrategikoaren barruan kokatu zen, eta Elikadura mahaiaren barruan sortutako azoka biziberritzeko lan-taldearen bitartez bideratzen ari da".

Next Generation direlako diru-laguntzak ere eskatu ditu Udalak, eta erantzunaren zain daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak