2023ko taxien tarifak, diru-laguntzen planean sormen beka txertatzea, indarkeria matxista salatzeko adierazpena eta Osintxuko eskolako jangelako zaintzarako hitzarmena, besteak beste, aho batez onartu ziren atzoko bilkuran.
Kreditu aldaketa
2022ko aurrekontuetako ia 900.000 euroko kreditu aldaketa bat ere onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren zein alderdi sozialistaren abstentzioarekin. Udal Gobernuaren arabera, aurreikusi ezin zirenetako batzuk eta ondoren sortu diren beharrak erantzutera etorri da aldaketa eta gehikuntzatarako partida handienen artean daude, besteak beste, 100.000 euro bideratzea jolas parkeetarako, kanposantuan sortu diren lanak egiteko 148.000 euro, urbanizazioetarako 148.000 euro eta Agorrosingo futbol zelairako 149.000 euro.
Trantsizio energetikoa
Bestalde, energia berriztagarrien alde eta Bergarako Udala Ekiola proiektuaren parte izateko EAJk aurkeztutako mozioari alternatibo bat aurkeztu zion EH Bilduk, eta azken hori izan zen onartu zena. Mozioak mozio, udalbatzako hiru taldeek beharrezko ikusten dute trantsizio energetikorako urratsa eman beharra.
Euskararen Egunaren bueltan, bi adierazpen
Euskararen Egunaren bueltako adierazpenari dagokionez, udalbatzako bi talde nagusiek aldez aurretik lanketarik egin ez izanak eragin zuen EAJk adierazpen bat proposatzea eta EH Bilduk beste bat. Jeltzaleen adierazpena Akoba erakundeak Euskal Autonomia Erkidego mailan aurkeztutakoa da, 40 urte bete berri dituen Euskararen Legea duena oinarri. EH Bilduk, berriz, Uemak Euskal Herri osorako aurkeztutako adierazpena aurkeztu zuen eta azken hori izan zen onartu zena, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin.