Gorabeheratsuak izan ohi dira urteak, eta horrek demografian ere eragina izaten du, normalean. Dena den, Bergarako biztanle kopuruak ez du aldaketarik izan azken hogei urtean, ia-ia berbera baita.
14.736 bergarar zeuden 2001ean, eta 14.804 ziren 2021ean. Beraz, 68 herritar gehiago zeuden iaz, eta %0,46koa izan da azken hogei urtetako igoera. Hala, atera daitekeen ondorioetako bat da egonkor mantendu dela herritarren kopurua.
Jaiotza eta heriotza tasei dagokienez, ordea, nabarmentzekoa da heriotzak jaiotzak baino gehiago izan direla, urte batzuk salbuespen: 2001, 2009, 2010, 2011 eta 2013. Dena den, urte batzuetan nahiko parekatuak izan dira.
Egungo jaiotzak, berriz, aurreko urteetakoak baino gutxiago dira, baina berriro ere gorantz egiten hasi da.
Datuak aztertu ostean, eta adinari dagokionez, ondorioztatu daitekeen beste puntuetako bat da hogei urte baino gutxiagokoen adin tartean behera egin duela kopuruak, ehunekoetan, behintzat. Dena den, ezberdintasuna 0,09 puntukoa da, eta, beraz, ez da horren handia.
20-59 urte artekoei dagokienez, ordea, beherakada nabarmenagoa da. 2001ean populazio osoaren %57,99 osatzen zuten, eta iaz, erdia. Dena den, datu hori 60 urtetik gorakoenak konpentsatu dezake, zortzi puntu igo baita orain hogei urtekoarekin alderatuta.
Migrazio mugimenduetan, bailarako beste herrietako joerari jarraituz, immigratu duten pertsonak gehiago izan dira emigratu dutenak baino Bergaran, eta joan-etorri horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginikoak izan dira, batik bat.
Bata ala bestea izan, ordea, migrazio mugimendu gehien izan ziren urtea 2013a izan zen, eta hurrenez hurren, baita 2014a ere.