Ipintzan jokatuko da azkenean derbia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 25a, 12:53

Zapatuan, Bergarak eta Aloña Mendik neurtuko dituzte indarrak, 16:30ean. Agorrosin berrituan jokatzea zen mahoneroen nahia, baina aste barruan azken ukituak egiten aritu diren arren futbol zelaian, udalak ezin izan du baimena eman.

Azken unera arte zalantza izan ostean, azkenean, Ipintzan jokatuko da Bergararen eta Aloña Mendiren arteko derbia, Bergarako Kirol Elkarteko zuzendaritzak jakinarazi baitu ezin izango dela Agorrosineko futbol zelai berritua erabili.

Udalak eman die berria zuzendaritzakoei, eta azaldu die Industria Sailean aurkeztu beharreko baimenetan arazoak izan dituztela, aste barruan langileak azken orduko ukituak egiten aritu diren arren.

Udalaren arabera, Agorrosinen belarra kenduta eta soropil artifiziala jarrita dago dagoeneko, baina instalazio elektrikoen eta zelaiaren inguruan egin behar diren lanak amaitu gabe daude. Hala ere, jakinarazi du behin behinean ireki ahal izateko beharrezkoak diren lanak datorren astean bukatzea aurreikusten dutela, "bestelako okerrik sortzen ez bada". Lan guztiak, berriz, abenduaren erdialderako amaituta egotea espero dute.

Hilabete eta erdi pasatu ondoren, klubetik "penaz eta haserre" jaso dute berria, zelaia estreinatzeko irrikaz zeudelako. Dena den, berria jakin aurretik, behintzat, jokalariak berdegune berria estreinatzeko deseatzen zeuden.

Estreinatzeko gogoz

Jokalariek aste barruan berdegunea zapaldu ahal izan dute, baina ez dute askoz ere gehiago egiteko tarterik izan: "Ea Agorrosinen jokatzen dugun. Egia da hasieran arraroa egingo zaigula, Ipintzako berdeguneak dagoeneko kautxu asko du eta belar gutxi, eta zelai berrian kontrakoa gertatzen da, inpresioa ematen du. Baina bai, hasieran egokitu egin beharko dugu. Hala ere, gure zelaian gaudela pentsatu behar dugu, zaleen babesa izango dugula eta Aloña Mendi kontrario ederra dela mendean hartzeko, baita kontrario zaila ere. Zelaia derbi batekin estreinatzea... ezin dugu gehiagorik eskatu", adierazi du taldeko entrenatzaile Iker Ruiz de Larramendik.

Aloña Mendiko entrenatzaile Garikoitz Nuñezek ondo daki bergararrak ze egoeratan dauden, oñatiarrek ere duela gutxi estreinatu dute-eta Azkoagaingo berdegune berria: "Etxeko lehen partiduan, Vasconiaren kontrakoan, ez ginen zelaian batere eroso egon, partidu arraroa izan zen; ea eurei gauza berbera gertatzen zaien. Egia da aldea lortu dugula sailkapenean eta Lagun Onaken kontrako garaipena oso garrantzitsua izan zela guretako, baina Bergara ere kanpoan irabaztetik dator eta horrek konfiantza emango zien".

Mondrak eta UDAk ere etxean

Mondrak eta Aretxabaletak ere etxean jokatuko dute. Biek dute egoera iraultzeko beharra, baina zuri-moreen egoera da bereziki zaila. Hain zuzen, Arrasatekoen kontrario Oiartzun hirugarren dago sailkapenean. Eta Aretxabaletaren kontrario Urola erdialdean dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak