"Bai, bi urteko etenaren ondoren, beste urte batzuetan baino gehiago kosta zaigu antolaketa lanetara bueltatzea, baina normala ere bada, eta dagoeneko prest dugu dena. Gainera, jendeak ondo erantzun du", adierazi du aste barruan Antxintxikako kide Iban da Silvak. Izan ere, atzoko –eguena– izen-emate datuei begiratua emanda, 310 lagunek emana zuten izena; bistan dago jendea kirola egiteko gogoz dagoela eta lasterketak ez duela erakargarritasunik galdu: "Beti egoten da azken ordura zain egoten dena, eguraldiaren zain egoten dena... Eta badirudi zapaturako siku izango dugula; alegia, korrika egiteko eguraldi aproposa izango dugula. Horrenbestez, azken orduan ere animatuko da jendea". Bada, gaur, egubakoitza, 23:00ak baino lehen bete beharko da izen-emate hori, kirolprobak. com webgunean; izan ere, zapatuan bertan ez da izena emateko aukerarik egongo. Hala, beste urte batzuetan moduan, gehienezko 400 lagunen parte-hartze kopurura gerturatuko da Antxintxika krosa.
Aldaketak azken kilometroetan
Antxintxika krosak zenbait aldaketa izango ditu aurtengo edizioan: "Normalean baino apur bat laburragoa izango da; lasterketako helmuga Irala kalean egongo da, eta ez plazan. Eta ez da aldaketa bakarra izango. Azken kilometroan, lanak direla-eta, ibilbidea Zubieta kaletik joan beharrean Boni Laskurain pasealekutik joango da, baina ez dira aldaketa esanguratsuak". Astelehenean Harmailatik saioan proba ikusgai (21:30).