Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalen arabera, Udal Gobernuak honako aldagai hauek izan ditu kontutan: "Egoera aztertuta Udal Gobernuak ordenantza fiskalak gaur egungo egoerara eguneratzea lehenetsi du. Horretarako, kontutan izan ditugu: herritarren zein Udalaren egoera ekonomikoa, batetik, eta kalitatezko zerbitzuak emateko helburua betetzea, bestetik. 2022. urterako eta 2022-2023 ikasturterako igoera %3,3 izan zen, KPIa %6,5eko izan zenean, eta une honetan KPIa %9an dago".
Arantzabal (EH Bildu): "Erantzukizunez jokatzea dagokigu"
Proposamen hori egiteko arrazoiak azaldu zituen bilkuran Arantzabalek: "Gaur egun mundu mailan dagoen egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzea dagokigu. Bergararrei zerbitzu publiko onak emateko konpromisoa daukagu. Horretarako, baina, daukagun diru-poltsa mugatua da, eta diru-publikoaren kudeaketan ari garenon betebeharra da hori tentuz eta erantzukizunez zaintzea. Une honetan ezin dira hartu Udala etorkizunean hipotekatuko lituzketen erabakiak. Kontuan izan behar da, norberaren etxean bezala, udal zerbitzuak ematen dituzten eraikinetan ere, adibidez, fakturak izugarri hazi direla". Elektrizitatearen eta gasaren fakturak boskoiztu egin direla esan zuen Arantzabalek, "nahiz eta kontsumoak murrizteko neurriak hartu".
Horrez gain, Arantzabalek azaldu zuen Diputazioko Foru funtsetik diru gehiago etorriko den arren 2022ko likidazioan, ez dela nahikoa izango egungo egoerari aurre egiteko.
Angel Murgiondo (EAJ): "Ez dugu uste igoerarako unea denik"
EAJko zinegotzi Angel Murgiondok azaldu zuen Udal Gobernuaren proposamenaren kontrako bozka. Hiru arrazoi eman zituen. Batetik, aurtengo Foru funtsa aurreikusi baino 800.000 euro gehiagokoa izango dela; bestetik, 25 urtetan KPIaren gainetik onartu direla ordenantza fiskalak, eta hortaz, ez litzatekeela ekitaldia hipotekatuko; eta altxortegiko gerakina baliatu ahalko litzatekeela gorabeherak orekatzeko.