"Uda inguruan hartu nuen bizikleta uzteko erabakia. Garbi neukan denboraldi hau zirt edo zart egitekoa izan behar zela, eta nire partetik neukan guztia eman asmoz hasi nuen urtea", adierazi dio GOIENAri erabakia naturaltasunez barneratu duen Julen Irizarrek. "Buruan bizikleta baino ez banuke izango gehiago kostatuko litzaidake erabakia hartzea, baina beste gauza batzuk egin nahi ditut, airez aldatu".
Denboraldia amaituta, Mikel Aristik ere opor egun batzuk aprobetxatzen dabilen bitartean erantzun dio GOIENAren deiari: "Azken urteak ez dira batere onak izan bizikleta gainean. 2019ko garaipenen ondoren ez ditut urte onak egin, eta bereziki azken hau gogorra izan da, ez naiz nahi moduan ibili. Eta, aurrera jarraitzeko nituen aukerek ez ninduten konbentzitzen. Oraindik gazteak gara ikasketei heltzeko, lan munduan murgiltzeko... Bizikletarekin baino halako kontuekin nago motibatuta".
Lokatzako harrobikoak biak, Euskadi Murias taldean ere bat egin zuten –Aristik Delko Marsella KTM taldean egin zituen beste bi urte– eta azken hiru urteotan elkarrekin egon dira Euskaltel Euskadin. Denbora tarte honetan lasterketak ere irabazi dituzte, hiru Aristik –La Tropicale Amissa Bongo, Tour du Limousin, eta Volta Portugal–, eta garaipen bat du Irizarrek –Portugalgo sari nagusia–.