Pandemiak prestaketarako denbora bikoiztu ostean, "inoiz baino gogotsuago" daude 'Africa' estreinatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ira. 21a, 16:00

Pandemiak eraginda hainbat alditan atzeratu behar izan ostean, urriko lehen aste bukaeran izango da, azkenean, África las dos orillas musikalaren estreinaldia. Emanaldiak izango dira urriaren 1ean 19:00etan eta 22:30ean eta urriaren 2an 19:00etan. Atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, sarrerak geratzen dira oraindik.

Bergarako gainerako musikalak udal pilotalekuan egiten zirenean, África las dos orillas Seminarixoa aretoan egingo dute. Baina nolako ikuskizuna izango da? "Berritzailea. Bai, behintzat, Bergararentzat. Seminarixoa aretoko zirrikitu guztiak aprobetxatuko ditugu; oso koloretsua izango da, musika aldetik bereziki ezberdina. Merezi du", dio eszena zuzendari Valen Moñuxek.

Ikuslea inplikatuko dute

Bergarako Musika Eskolako ikasleak, artista gonbidatuak eta dantzariak arituko dira eta sarrerak eskuragarri daude seminarixoa.eus atarian zein aretoko leihatilan –eguazten arratsaldeetan eta zinema dagoen egunetan–. Bi ordu pasa irauten duen ikuskizunak Afrikaren esentzia ekarriko du Seminarixora, Donato Goyenecheren musika piezak oinarri. "Ohituta gaude popa, rocka edota musika klasikoa entzutera. Hau musika afrikarra izango da eta musika horri esker ikuslea inplikatu egingo da. Ikuskizuna hasi eta berehala ikusleak eszenaren parte bihurtuko dira, aktoreekin, pertsonaiekin eta musikarekin. Ziur ikusle bat baino gehiagori, Calipso edo beste pieza dantzagarri bat entzuten dutenean, butakatik altxatu eta dantzatzeko gogoa emango diola", adierazi du Goyenechek berak.

Krisialdiak bidean, baina inoiz baino gogotsuago

COVID-19ak prestaketa garaia bikoiztu egin du gainerako musikalekin alderatuta eta bidea luzea bezain zaila izan ostean, inoiz baino gogotsuago daude obra estreinatzeko. "Estreinaldia hainbat alditan atzeratu behar izateak eragin ditu krisialdiak. Helburua argi genuen eta orain, behin dena prest dagoela, inoiz baino ilusio handiagoa dugu estreinatzeko. Gainera gure herrian izango da... Prest gaude", adierazi du abesbatza arduradun Marije Ugaldek. Musika arloa zaila bezain polita dela ere gaineratu du Ugaldek: "Ederra da. Zaila bezain ederra da. Esperientzia handiko abeslariak ditugu abesbatzan eta prozesua oso polita izan da".

Atzo egindako prentsaurrekoan esker on hitzak izan zituen Valen Moñuxek, eta tartean eskertu zuen Bergarako Udalak eskainitako laguntza. Udaletik ez zuten zalantzarik izan musikala babesteko. "Balioan jartzeko gauzetako bat da hainbat herritarrek hartuko dutela parte ikuskizunean, berriro ere herrian dugun altxorraren adierazle", gaineratu du Udaleko kultura zinegotzi Kristina Markinak.

Bergarak musikalen herriak izatean jarraitzen du

Esan daiteke, beraz, pandemiak oztopo latzak jarrita ere Bergarako musikalen haria ez dela oraingoz eten. "Antzerki-musikalen herria gara. Eta hori gara, jendea dagoelako egiteko baina baita jendea ikustera eta sarrera ordaintzera datorrela", esan du Moñuxek.

Urriko lehen asteburuan estreinatu ostean, oraingoz ezingo dute Africa musikala beste herri edo hiri batera eraman, lantaldeko kide batzuk Bretxa musikalarekin ere ari direlako lanean buru-belarri. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak