Pandemiak eraginda hainbat aldiz atzeratu ostean, urriko lehen aste bukaeran izango da, azkenean, musikalaren estreinaldia. Bergarako Musika Eskolako ikasleak, artista gonbidatuak eta dantzariak arituko dira eta sarrerak eskuragarri daude seminarixoa.eus atarian zein aretoko leihatilan –eguazten arratsaldeetan–. Ikuskizunak Afrika du esentzia nagusia eta Donato Goienetxeren musika piezak ditu oinarri. "Irailean berrekin diogu entseatzeari eta prestaketa lanetako azken txanpan gaude. Lizarran egindako aurre-estreinaldia oso ondo joan zen, eta ikusita ikuskizunak pasarte eta koreografia oso koloretsuak eta indartsuak dituela eta oso egokia dela kalean ere erakusteko, pentsatu dugu musikalaren aurrerapen bat egitea San Martin jaietan herriko hainbat puntutan", azaldu du eszena zuzendari Valen Moñuxek.
Hamabost minutuko emanaldiak
Ordu laurdeneko hainbat pasarte aukeratu dituzte kalez kaleko agerraldirako. "Ibilbidea ez dugu guztiz finkatuta; ikusi behar dugu ze eguraldi izango dugun, baina, ziurrenik, Espoloitik abiatuko gara eta joango gara herriko leku esanguratsuenetara, herritarrek ikus dezaten musikalaren aurrerapen bat. Ez dugu dena erakutsiko, noski!".
Moñuxek azaldu du hilaren 18ko kale agerraldian 40 bat lagunek hartuko dutela parte. "Afrikar jatorriko bost dantzarik, 30 bat kantarik eta sei musikarik", esan du.
Afrikako lo-kanta bat oinarri
Afrikako lo-kanta bat du oinarri África, las dos orillas musikalak eta kanta zentral horretatik abiatuta iragan bat eta etorkizuneko egoerak sortzen dira. Neurri handi batean, herrian eta herritik sortutako ikuskizuna da, nahiz eta dantzari taldea Irundik datorren. "Ikusgarriak dira. Merezi du, benetan, dantzan ikustea", ziurtatu du Moñuxek.
Bergarako Musika Eskolako ikasleekin osatutako ikuskizuna da eta jantziak Ndank Ndank elkarteko lagunek egin dituzte. Dekoratuak, berriz, Valen Moñuxenak dira. Musikalak, osorik, pare bat orduko iraupena du. San Martin jaietan pasarte esanguratsuak erakutsiko dituzte eta afrikar doinuak eta dantzak ekarriko dituzte festetara. "Bi aukera daude, eta bietara gerturatzeko esango nieke bergararrei, bi formatuak izango direlako oso ikusgarriak".
Domekako emanaldi ibiltaria 18:00etan hasiko da. Seminarioko ikuskizunak urriaren 1ean 19:00etan zein 22:30ean eta urriaren 2an 19:00etan izango dira. Estreinaldia gazteleraz izango da. Lantaldeak euskarazko emanaldia ere prestatuko du; 2023rako aurreikusten dute.