Bozketa guztiak aho batez, errefuxiatuen eta Larramendiren gaineko mozioak izan ezik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 28a, 12:44

Aho batez onartu ziren atzoko osoko bilkuran bozkatutako puntu guztiak, Zehar errefuxiatuekin erakundeak eta Debagoieneko Ezker Anitzak Larramendiko plantaren bueltan aurkeztutako mozioak izan ezik. Udaleko funtzionamenduari dagozkien puntu guztiak aho batez onartu izana azpimarratu zuen Udal Gobernuak. Harrotasunaren Eguneko adierazpena onartu eta berehala ortzadarraren bandera jarri zuten udaletxeko balkoian.

Edukiarekin oro har ados egonda ere, Zehar-en mozioari alternatibo bat aurkeztu zion EH Bilduk eskaeretan interpelatzen diren erakundeak hobeto zehaztu daitezkeela iritzita, Eibarren Podemosekin eta alderdi sozialistarekin batera adostutako testu berbera. EAJk, berriz, hirugarren mozio bat aurkeztu zuen gaur egun errefuxiatuak artatzeko elkarlan foro bat egon badagoela argudiatuta. EH Bilduren mozioak egin zuen aurrera, asteburuko Melillako gertakariei aipamena eginda.

Larramendi: Ezker Anitzaren eskaerak puntuka bozkatu zituzten

Larramendiko mozioaren bueltan, Bergarari zuzenean eragiten dion heinetik, atzoko bilkuran presente izan ziren EH Bilduk eta EAJk irakurketa ezberdinak egin zituzten. Ezker Anitzak Jaurlaritzaren ingurumen baimenaren aurka egitea eta Tapia Legea delakoaren aurrean udal eskumenak defendatzea eskatzen zuen, besteak beste. Lehen bi puntuetan Udala interpelatzen zutela ulertuta, aldeko botoa eman zuen EH Bilduk eta gainerako bietan abstenitu egin ziren, Udalaren eskumenei dagozkien erabakiak ez direlakoan. EAJk, berriz, lau eskaeren aurka bozkatu zuen, eskaerek "erabat" ezberdinak diren gaiak nahasten dituztelakoan.

Harrotasunaren Egunarekin bat

Amaitzeko, gaur ospatzen den Harrotasunaren Egunaren bueltako adierazpena aho batez onartu zuten. Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiborako zein autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak aldarrikatu zituzten eta gaurko egunez egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egin zieten herritarrei. Osoko bilkura bukatu eta berehala ortzadarraren bandera jarri zuten udaletxeko balkoian.

Lankidetzarako gunea UNEDen

Bestelako erabakien artean, aho batez onartu zen lankidetzarako gunearen erabilerako araudia. Lanerako espazioa partekatzeko UNEDen egoitzan sortuko den gunea kudeatzeko araudiari hasierako onarpena eman zion udalbatzak, eta jendaurrean egongo da hilabetez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak