Lineako hockeyko 20 urtez azpiko emakumezkoen Espainiako txapelketa antolatu dute Bergaran

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 14a, 15:41

Lineako hockeyko 20 urtez azpiko emakumezkoen Espainiako txapelketa jokatuko da Bergaran, Labegaraietako kiroldegian ekainaren 24, 25 eta 26an. Burdinola Irristaketa Kluba aritu da antolatzen, eta, atzo, eman zituzten txapelketaren nondik norakoak.

Atzo, astelehena, Bergarako osoko bilkuren aretoan batu ziren Gorka Artola (Bergarako alkatea), Aitor Aranzabal (zinegotzia eta kiroleko batzorde burua), Ione Oyanguren (Burdinola Irristaketa Klubeko lehendakari ordea), eta Agustin Oyanguren (Burdinolako Irristaketa Klubeko lehendakaria), eta, baita, txapelketan arituko diren Burdinola Irristaketa Klubeko jokalari gazteak ere.

Burdinola irristaketa elkarteak, 2017tik orain arteko ibilbidearen nondik-norakoak adierazi zituen Agustin Oyangurenek, aurkezpenean. Lerroko patin gaineko irristaketa eta hockeya sustatzea eta bultzatzea dela taldearen helburua izanda, Espainiako txapelketa antolatzea, urrats bat gehiago dela azpimarratu zuen.

Txapelketa Labegaraietako kiroldegian jokatuko da, eta, guztira. zortzi talde arituko dira bertan: CPLV (Valladolid), Tucans (Bartzelona), Vila-Real (Castellon), Aranda de Duero , Skulls (Balentzia), Tres Cantos (Madrid) eta Fenix (Madrid) izango dira etxeko Burdinola taldearekin batera.

Lurzoru eta kamiseta berriak

Txapelketa antolatzeko, eta Espainiako federazioak hala eskatuta, lurzoru espezifiko bat izan behar dute Burdinolakoek. Hori horrela,  43.600 euroko kostua izan duen lurzorua erosi dute, eta harmailen babesa ere izango dute. Horrekin batera, kamiseta berriak ere estreinatuko dituztela adierazi zuten.

Txapelketa Bergaran antolatzearen garrantzia aitortuta, baina harago joanda, ideia batzuk ere azpimarratu zituen Gorka Artolak, Bergarako alkateak, besteak beste, administrazioei ere badagokiela emakumeen erreferentziak indartzeko ekimenak sustatzea esanez.: "Garrantzitsua da horrelako ekimenak bultzatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean urratsak ematen laguntzen dutelako. Ikusgai egiten dira emakumeak, eta baita "betiko" kirolak ez diren horiek".

Bergara erdigunean

Emakumeen erreferentziak indartu egiten direla ere azpimarratu zuen Artolak:  "Ondoren datozen neskentzat, eta baita mutilentzat ere. Ez hori bakarrik, aukerarik ez dutenez haien kirola egiteko inguruan, Euskal Herritik kanpo jarduten dute, eta hala, Bergararen izena kanpoan zabaltzen lan egiten du Burdinolak. Eta une hau baliatu nahi dut horregatik eskerrak emateko. Lehiaketa gure herrira ekarrita, hori ere egingo da, Bergara erdigunean jarri, alegia, eta bertara etorriko den jende horrentzat guztiarentzat erreferentzia bihurtuko da".

Bertako komertzioen babesa

Burdinola Irristaketa Klubeko ordezkariek Espainiako eta Euskadiko federazioari eskerrak ere eman zizkieten, eta baita, txapelketa aurrera emateko lagundu dieten komertzioei.  Txapelketa finantzatzeko Bergarako komertzioekin zoketa bat martxan ere jarri dutela esan zuten. Zazpi komertzio lokalek hartu dute parte, eta zozketaren eguna, uztailaren 17a izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak