Mugikortasunari, gizarte politikei, ingurumenari eta azpiegiturei lotutakoak dira bergararren kezka nagusiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 13a, 16:33

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano Bergarako alkate Gorka Artolarekin elkartu da gaur, herriko proiektu nagusiei buruzko ikuspuntuak partekatzeko, martxan jarritako ekimenak partekatzeko eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen nagusiak aztertzeko. Proposamen horien artean, bergararren kezka nagusiak mugikortasunari, gizarte politikei, ingurumenari eta azpiegiturei lotutakoak dira.

Gipuzkoak "etorkizunean ere pertsona guztiei babesa, lana eta etorkizun" eskainiko dien  herrialdea izan nahian, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei modu integralagoan eta koordinatuagoan erantzuteko. "Alde batetik, horrek esan nahi du erakundeen arteko lankidetza- eta harreman-ildoak estutzea, eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea", azaldu du diputatu nagusiak, Bergarako alkatearekin izandako bileraren ondoren.

Kapsula, "tresna eraginkorra"

Hain zuzen ere, iazko urriaren 20an, Gipuzkoako Diputazioak Etorkizuna Eraikiz kapsula jarri zuen Bergaran. Bertan, 2040an Gipuzkoak zer balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zitzaien udalerriko herritarrei. Diputatu nagusiak azaldu duenez, beharrezkoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, balioak eta proposamenak jasotzea. Horretarako, ekimen hau "tresna eraginkorra" izaten ari da eta dagoeneko 23 herri eta hirigunetan egon da, baita lau unibertsitate campusetan ere, Gipuzkoako gizartearen 3.000 ekarpen baino gehiago jasoz. Jasotako eta ibilbide osoan jasoko diren ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan.

 Mugikortasuna, gizarte politikak eta azpiegiturak

Olanok gogora ekarri du zertarako sortu zen Etorkizuna Eraikiz egitasmoa 2016an: "Gipuzkoak etorkizunean izango dituen erronkei erantzuteko sortu zen. Ordutik, herritarren 125 proiekturi eman diegu laguntza, 32 proiektu esperimental jarri ditugu abian, eta erreferentziako bederatzi zentro garatu ditugu lurraldearen erronka sozial eta ekonomiko nagusietan eragiteko". Diputatu nagusiak adierazi duenez, ahalegin horretan guztian "funtsezkoa" da udalerrien eta herritarren parte-hartzea: "Gainerako erakunde, enpresa, gizarte-eragile eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza-eredu berri honi. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko ", gaineratu du.

Bergaran, 96 ekarpen

Hain zuzen ere, Bergarako kapsulak 96 ekarpen jaso ditu, eta horien artean, mugikortasunaren arloari lotutako proposamenak nabarmentzen dira. Hala ere, gizarte-politikak eta azpiegiturak ere aipatzen dira. Ondoren, herritarrek ingurumenarekin eta gazteriarekin zerikusia duten alderdiekiko interesa agertu dute.

Artola: "Herritarrak erdigunean jarriz lan egiten dugu"

Bestalde, Bergarako alkate Gorka Artolak honako hau nabarmendu du: "Positiboa da herritarrek ekarpenak egin izana. Horretan arituak dira bergararrak, izan ere, ari gara dagoeneko herritarrekin gure etorkizunak nolakoa izan behar duen diseinatzen, partekatutako gobernantza ereduarekin lanean. Esaterako, hala egin dugu Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategiakoa. Bestetik, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan ere, Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala proiektua lantzen ari gara. Herritarrak erdigunean jarriz lan egiten dugu, eta horretarako ezinbestekoa da haiek entzutea eta bidea elkarrekin egitea, pertsonen artean elkar entzutea baita herritarrek dituzten beharrei egoki erantzuteko modurik aproposena. Oraingoan begirada Bergaratik harago jarrita, Gipuzkoak dituen erronken inguruan ere egin ditugu ekarpenak Bergaratik". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak