Etorkizunaren inguruko ekarpenak jasotzeko Aldundiaren 'kapsula' Bergaran izan da

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko urr. 20a, 16:10

Eider Mendoza eta Gorka Artola Etorkizuna Eraikiz kapsulakin, San Martin Plazan.

Lurraldeko herri desberdinetan bira egiten dihardu Etorkizun Eraikiz kapsula, gipuzkoarrek etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz. Joan den astean Arrasateko Mondragon Unibertsitatearen campusean egon zen, eta gaur, Bergaran egin du geldialdia. Egun guztia egongo da San Martin plazan.

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Gorka Artola Bergarako alkatea kapsula bertatik bertara ezagutzen izan dira gaur goizean.

Etorkizun Eraikiz kapsula

Hasteko Gipuzkoa egun nolakoa den kontatzen da kapsularen baitan, zeintzuk diren Lurraldeko ezaugarri eta balore nagusiak. Ostean, ariketa bikoitza eskatzen zaie herritarrei. "Alde batetik, 2040ra begira, hau da, hemendik 20 urte barru nolakoa nahiko luketen Gipuzkoa izatea. Eta aldi berean, konpromezu bat hartzeko eskatzen diegu, zein ekarpen egiteko prest dauden, ekarpen guztiek fruitua ematen bai dute ondoren, eta fruitu horri esker gaur egun, eta baita gobernantza kolaboratiboari esker, ekarpen horiek proiektu bilakatu dira" azaldu du Mendozak.

Herritar guztiei zuzendutako proiektua dela azpimarratu du, halaber, Gobernantza diputatuak: "Gipuzkoako biztanleak izango dira lurraldearen etorkizun, horregatik, haiekin elkarlanean eraiki behar dugu. Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten, eta denon artean amesten dugun lurraldea eraikitzen saiatu behar gara". Gainera, kapsularekin gazteengana hurbildu nahi dutela esan du Mendozak.

Gorka Artolak ere azpimarra jarri du herritarrak entzun eta bidea elkarrekin eraikitzearen garrantzian, eta kapsulak eskaintzen duen aukeran parte hartzera gonbidatu ditu bergararrak. "Oraingoan begirada Bergaratik harago jarrita, Gipuzkoak dituen erronken inguruan ekarpenak egiteko aukera izango dute bergararrek. Eta ekimenean parte hartzera animatu nahi ditut", adierazi du alkateak.

Etorkizuna Eraikiz kapsularen bigarren fasea amaitu ondoren, jasotako ekarpenak aztertuko dira eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko dira.

Bergara etorkizunera begira

Artolak gogorarazi du, Gipuzkoa bezala, Bergara ere etorkizuna herritarrekin batera eraikitzeko lanean diharduela: "Bergaran ari gara dagoeneko herritarrekin gure etorkizunak nolakoa izan behar duen diseinatzen, partekatutako gobernantza ereduarekin lanean. Esaterako, Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategiakoa diseinua horrela egin dugu. Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan ere Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala proiektua lantzen ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak