Dena prest Bergarako Ekinez jaialdiak eztanda egin dezan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 9a, 17:45

Gaur irekiko ditu ateak Bergarako Agorrosin futbol zelaian egingo den Ekinez jaialdiak: ia 20 ordu iraungo duen etenik gabeko zuzeneko musika, Euskal Herriko 18 musika talde, DJak, azoka alternatiboa, atseden-gunea eta 4.000 lagundik gora, besteak beste.

Azken egunotako prestaketa lanen ostean, itxura ederra zuen atzo eguerdian Bergarako Agorrosin futbol zelaiak. Asteburuan, sekula ezagutu ez den rock jaialdi baten topaleku izango da Agorrosin. Izan ere, gaur eta bihar artean, Euskal Herriko "musika alternatiboaren" parte diren 18 taldek hartuko dute parte Ekinez izeneko jaialdian. Kultur elkarte moduan aurkeztu dute Ekinez, besteak beste, kontzertuak antolatzeko, taldeei legezko laguntza emateko eta kontzertuen gaineko aholkularitza zerbitzua emateko sortu dutena, eta jaialdi hau "ibilbide luzea" izango duen proiektu baten hasiera izatea espero dute.

Jaialdiak iraungo duen bi egunetan espero dute 4.000 lagundik gora elkartzea

Jatorriaz eta helburuaz

Jaialdia, antolakuntzako kide Oier Aperribaik gogoratu duenez, Brigade Loco eta Kaleko Urdangak taldeen azken diskoaren aurkezpenaren bueltan sortu zen: "Brigade Locoren disko berria Bergarako plazan aurkeztu nahi genuen jaialdi berezi batekin, baina pandemiagatik dena geratu zen bertan behera. Pandemia garaian ere atera zuen disko berria Kaleko Urdangak taldeak, eta pentsatu genuen bi taldeon artean jaialdi indartsu bat egin genezakeela. Egoera hori eta Udalarekin berba egin ostean uda honetan Agorrosingo belar naturala betirako kenduko dutela aprobetxatuz, ikusi genuen Agorrosin leku ezin aproposagoa izango litzatekeela".

Jaialdiaren helburua da kaleko musikari "merezi duen lekua" ematea. "Musika alternatiboa edo kaleko musika beti egon da hor, baina ez du izan merezi zuen lekua Euskal Herriko panoraman. Bergarari halako jaialdi bat emateaz gain, kaleko musikari bultzada bat ematen badiogu, ondo baino hobeto", gaineratu du Aperribaik.

Urduri, baina motibatuta

Sarreren salmentari dagokionez, espero ez zuten arrakasta izan dute eta aurreikusten dute 4.000 lagundik gora pasatuko direla Agorrosindik asteburuan zehar. "Ziztu bizian saldu ziren sarrerak eta erabaki genuen edukiera handitzea. Bergaran aspaldi ez da halako jendetzarik elkartu jaialdi baten bueltan eta hori erronka moduan hartu dugu, baina baita motibazio moduan ere. Sektore profesionalak bagara ere, erronka handia da guretzat. Etxean gaude eta badakigu jendea luparekin ari dela begiratzen; urduri gaude, baina prestaketak ondo joan dira. Hortaz, oso gogotsu gaude bihar [gaur] ateak ireki eta jendeari ongietorria egiteko", dio Julen Iñarrak.

Azken sarrerak eskuragai daude Bergarako Arrano tabernan eta Entradium plataforman. Iñarrak espero du etorkizunean ere Ekinez jaialdia Bergaran errotzea: "Bergaran jaiotako jaialdi bat izan da eta gustatu litzaiguke Bergaran jarraitzea. Proiektuarekin jarraitu nahiko genuke, kaleko musika alternatiboak dagokion lekua izan dezan".

Kaleko musika alternatiboari "dagokion lekua" ematea du helburu Ekinez jaialdiak

Talde bakoitzak, 50 minutu

Agertoki bakarra izango du jaialdiak eta talde bakoitzak 50 minutu jotzea dago aurreikusita; bi egunetan 04:00 aldera bukatuko dira kontzertuak. Bi barra jarriko dituzte eta atseden-gune batean jateko aukera ere egongo da. Bestetik, azokarako espazioa egongo da, non musika taldeek, arropa markek eta hainbat zigiluk euren produktuak aurkeztuko dituzten; musika talde bakoitzak bere disko, kamiseta eta bestelako materiala ere eroango du.

Autobus zerbitzu berezia

Jaialdiak autobus zerbitzu berezia izango du gaur eta bihar; Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Eibartik, Soraluzetik, Antzuolatik, Elgetatik eta Oñatitik joateko, gau osoan egongo dira autobusak; geltokia Amillaga kalekoa izango da. Kalean bolo-bolo dabilen gaietako bat da Agorrosin azpian garai baten izan ziren meategiak direla-eta zelaia hondoratzeko arriskurik egongo den, jendetza elkartuko delako. Antolatzaileek diote baimen guztiak jaso dituztela, eta, alde horretatik, behintzat, jaialdiaren segurtasuna bermatuta dagoela. Udalean galdetuta, adierazi dute gaia aztertu dutela eta ez dela, horren harira, arriskurik aurreikusten.

18 talde, itzulera "bereziak" barne

Ekinez jaialdian Euskal Herriko "musika alternatiboaren" barruan kokatzen diren hemezortzi taldek joko dute. Kontzertuez gain, besteak beste, "azoka alternatiboa" ere antolatu dute, "askotariko marketako" produktuak salgai izango dituena. Edariak erosteko bi barra egongo dira eta jateko aukera ere egongo da. Kontzertuen arteko denbora tarteak girotzeko zuzeneko DJak ere egongo dira: Tx3, Azken Erromantikoak, Suizidio Kolektivo eta D Jota.

Egubakoitza, ekainak 10

•Ate irekiera, 17:00etan. Kontzertuen hasiera, 18:00etan. Honako talde hauek joko dute, jarraian zehazten den ordenan: No Limits, Pubik Enemy, Streetwise, Unidad Alavesa, Rotten XIII, Dinamita, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak eta Barne Guda –azken kontzertua izango da–. Kontzertuak 04:00 bueltan bukatuko dira.

Zapatua, ekainak 11

•Ate irekiera, 17:00etan. Kontzertuen hasiera, 18:00etan. Honako talde hauek joko dute, jarraian zehazten den ordenan: Alerta Gorria, The Lio, Arene 6, Labana, Des-kontrol, Iheskide, Jonny Gerriwelt –itzuleran datorren taldea–, Neallta Fola – itzuleran datorren taldea– eta Brigade Loco. Kontzertuak 04:00 bueltan bukatuko dira. Oharrak: Beste edozein jaialditan moduan, sarrera erosi duten 15 urtera artekoek adinez nagusia den guraso edo tutore legal batekin sartuko beharko dute Agorrosinera, sinatutako baimen batekin. 16 eta 17 urteko adingabeek, berriz, tutore legal batek sinatutako dokumentu batekin sartuko beharko dute; dokumentu hori eskuratzeko aukera dago Ekinez-en Instagram kontuan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak