Txosnak lekualdatuta, egiturari eutsiko dio Xaxauk

Hasier Larrea 2022ko mai. 28a, 10:04

Xaxau jai herrikoien konpartsako antolatzaileak, kartelak erakusten.

Xaxau jai herrikoien konpartsak prest dauka bideberrin beharrean oxirondo azokako aparkalekuetan garatuko duen egitaraua. Hilabeteetako lanak fruituak emango ditu ekainaren 3tik 7ra, baina hona hemen abisu bat: "Jende gehiagoren beharra dugu"

Jaietarako "sekulako gogoa" dutela ezkutatu gabe azaldu dira Andoni Etxezarreta eta Nere Zurro, Xaxauko kideak. "Hilabete askoan" aritu da hamar lagun inguruko talde motorra aurtengo egitaraua lotzen, eta bergarar askok momentu puntualetan, txandak egiteko eta abar, euren prestutasuna adierazi badiete ere, azken urteetako beherakadan jarri dute fokua: "Urtez urte gero eta kide gutxiago aritzen gara egunerokoan, eta horrek jendea erretzeko arriskua dakar. Erreleborik egon ezean, jaiak antolatzeko gai izango ez garen momentua iritsiko da; nork daki... agian, datorren urtean". Hori esanda, Xaxauko ateak parez pare zabaldu dizkiete gazte bergararrei.

Aldaketa, "kokapenean soilik"

Bideberri hiribidean egiten ari diren obrak direla-eta, aurten behartuta egon dira txosnak tokiz aldatzera. Mahai gainean izan duten "aukera bakarra" Oxirondoko aparkalekuetara lekualdatzea izan den arren, espero dute bergararrek, eta oro har jai-girora joaten direnek, beti bezala erantzutea. Hori ziurtatzeko, txosnen egitura mantentzearen alde egin dute, "karpa, bi txosna eta otorduetarako mahaiak" jarriko baitituzte. Ibilgailuek, beraz, beste toki batean aparkatu beharko dute.

Badakite, halaber, toki berriak eragozpen bat edo beste ekar ditzakeela, poteo-gunetik zertxobait aldentzen delako, bereziki: "Baina espero dugu jende asko etortzea, eta horretarako promozioa lantzen gabiltza".

XAXAUKOEN IRITZIZ, ASTELEHENA IZANGO DA EGUNIK POLITENA, LAKET ERROMERIA TALDEAK GIROTUTA

"Egitarau aparta"

Datorren barikutik martitzenera, bost egunean jarraian egongo da zer egin Oxirondon. Ikasle bazkariarekin ekingo diote Pentekosteetako egitarauari, eta 20:00etan irekiko dituzte txosnak. Gaueko kontzertua gozatzeko modukoa izango dela nabarmendu dute Etxezarretak eta Zurrok: Añube taldean herriko musikariak ditugu, eta azkenaldian nahiko indar hartzen dabiltza; Zopilotes Txirriaosek izen esanguratsua dauka, martxa ederra jarriko dute".

Hurrengo egunean, zapatuan, egingo duten euskal preso eta iheslarien aldeko bazkarian parte hartzeko dei ere egin dute, eta gauean zehar balukoi txapelketa egingo dutela gaineratu, "modu informalean".

Baina egunik ederrena zein izango den galdetuta, erantzun argia eman dute: "Astelehena da egunik politena, bergarar kuadrillok gehien gozatzen duguna. Herri bazkariaren ostean, 20:00etan, Laket erromeria taldea igoko da karpako oholtzara; urtero bezala, jendeak dantza gogotik egingo duela espero dugu".

Atseden hartzeko denborarik ez dute izango parrandazaleek gauean zehar, 23:00etan hasita Lukiek eta Ezpalak bandek distortsiozko soinuz beteko baitute gunea. Eta 03:00etan, kanta egiteko gogoz dagoenak karaokeko mikroa izango du eskura. Hilaren 7an agurtuko dituzte jaiak, haurrentzako tailer eta Legea gu gara antzezlanarekin.

NDANK NDANK EGUNA DOMEKAN

Xaxau birus xaxatia jantzi afrikarrez apaindu dute aurtengo kartelean, yembe danborra astintzeko makilak eskuan dituela. Horren arrazoia da Ndank Ndank elkarteari keinu egingo diola aurten jai herrikoien konpartsak. Izan ere, 10 urte bete ditu aurten senegaldar eta euskaldunez osatutako irabazi asmorik gabeko erakundeak, eta, "herrian mugimendu handia eragiten duen taldea" dela aintzat hartuta, Xaxauko kideek omenaldia egiteko abagune aproposa ikusi dute. "Ideia zaparrada bat egin genuen jaiak antolatzeko lehen bileretan, eta gure aitortza jasotzea merezi duten eragileen zerrenda bat osatu; erabakia hartu genuenean, Ndank Ndankeko kideei komunikatu genien, eta ilusio handiarekin jaso zuten albistea", adierazi du Irati Alberdik.

Hala, domekako egitarauari kutsu senegaldarra emango diote. 12:00etan ekingo diete ekintzei, Afrika Bah Yay taldearen musika eta dantza ikuskizunarekin. Eguerdian, Txomingero bazkaria egingo dute, bakoitzak bere otordua eramanda. Arratsaldean zehar, haur eta helduentzako tailerrak, sukaldaritza afrikarrari buruzko ikastaroa eta Pasadena taldearen kontzertua egongo dira. 21:00etan, afari senegaldarra egingo dute; eta 22:00etan, film laburren lehiaketako piezak proiektatuko dituzte.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak