2021eko ekainean mende erdi bete zuen Telesforo Aranzadi Kooperatiba Elkarteak, eta hala, Aranzadi Ikastolak: "Pandemia betean, ezin izan genuen behar bezala ospatu urtemuga, baina oraingoan bai, ez dugu mugarri garrantzitsu hau ahanzturan galtzen utzi nahi. Mende erdi betetzea ez da datu makala: berrogeita hamar urte daramatzagu Bergarako familiei kalitatezko euskal heziketa eskaintzen, euskaratik eta euskaraz, horixe da gure ardatz nagusia. Horrez gain, berebiziko garrantzia eman izan diogu beti parte-hartzeari, eta sorreratik gaur arte, herriko milaka gurasok gidatu du kooperatiba, irakasleen laguntzarekin".
Urteurren ospakizunaren helburu nagusia da jasotakoa itzultzea: "Orain, 50 urte bete ditugun honetan, bergararrei itzuli nahi diegu urte horietan guztietan herritarrek Ikastolari emandako guztia: auzolana, ilusioa eta konpromisoa. Horretarako, zer hoberik kultura eta aisialdi eskaintza zabala baino".
Esker on hitzak ere izan dituzte: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Ikastolaren ibilbidean bere aletxoa jarri duten herritar guztiei: eskerrik asko, gure historia zuek idatzia baita. Horregatik, gure ibilbidearen lekuko guztiak, ikasle ohi den-denak, Aranzadirekin elkarlanean aritu diren taldeak eta parte-hartzeko gogoa duen herritar oro gonbidatzen dugu maiatzaren 28ko jaian parte hartzera".
Erakusketa Aroztegin, maiatzaren 13tik ekainaren 5era
Maiatzaren 28ko festaren aurretik, baina, Ikastolaren 50 urteak biltzen dituen erakusketa izango da ikusgai Aroztegi aretoan. Maiatzaren 13an inauguratuko dute, 19:00etan, ekitaldi baten bidez; poesia, zuzeneko musika eta aurreskua eta lore-eskaintza egingo diote Ikastolaren bueltako hezkuntza-komunitateari.
Maiatzaren 28an egingo dute festa nagusia
Gaurko agerraldian iragarri dutenez, maiatzaren 28an egingo dute festa nagusia. Hona hemen egitaraua:
- 10:30 Txistularien diana.
- 10:30 - 15:00 Artisau eta sortzaileen azoka Eixu elkartearen eskutik (Irizar kalean).
- 11:00 - 13:00 Haurrentzako jolas-parkea (Usondon).
- 12:00 Moises Azpiazu dantza-taldearen emanaldia (Munibe plazan).
- 13:00 Flash-moba (Olaso dorrearen aurrean).
- 13:30 Trikitilarien kalejira Musika Eskolaren eskutik (Olaso dorretik abiatuta).
- 14:00 Herri-bazkaria (San Martin plazan).
- Bazkalostean, bingo girotua eta photocall-a.
- 17:30 Musika-maratoia (Munibe plazan).
- 17:30 Bergarako erraldoi eta buruhandien kalejira (San Martin plazatik abiatuta).
- 18:30 Ikastolako txarangaren kalejira (San Martin plazatik abiatuta).
** Txosna egun guztian zehar San Martin plazan >> Eguerdian, baita pintxoak ere.
Kontzertuak San Martin plazan:
- 19:30 Mugi Panderoa erromeria.
- 22:15 Gozategi.
- Jarraian, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek.
Bazkarirako txartelak eta zapiak erosteko egunak:
** Haur eta gaztetxoentzako menua (12 €): makarroiak tomatearekin, albondigak, natillak eta ura.
** Helduentzako menua (15€): errusiar entsalada, txahal-masailak saltsan, natillak eta edaria.
** 486 txartel salduko dira, eguraldi txarra eginez gero bazkaria Udal Pilotalekuan egingo delako.
** Pertsona bakoitzak gehienez 8 txartel erosteko aukera izango du.
- Maiatzak 12, osteguna, 18:00 - 20:00 Irala kalean.
- Maiatzak 14, larunbata, 12:00 - 14:00 Irala kalean.
- Maiatzak 17, asteartea, 17:00 - 18:00 Seminarioko patioan.
- Maiatzak 19, osteguna, 18:00 - 20:00 Irala kalean.