1971n, Alai taldeak hasitako bideari errepasoa eginez, gonbidatu bereziak igo ziren oholtzara, pieza ezberdinak jotzera eta abestera. Bergarako Orkestra Sinfonikoaren ganbara taldea izan zen lehena, eta Enrike Txurrukaren aginduetara lau pieza eskaini zituzten. Ostean, Aritzeta abesbatzaren eta Bergarako Orfeoiaren txanda izan zen.
Eta, horren guztiaren ostean, heldu zen une hunkigarriena. Alai taldekoak oholtzara igo zirenean, txalo zaparrada entzun zen Seminarixoan. Kantuan hasi aurretik, ekitaldian parte hartu zutenen eskutik, oroigarriak eta opariak jaso zituen Xabier Olabarria zuzendariak.
Xabier Olabarria bera, eta bere aurretik egondako beste bi zuzendariek, taldekide izandakoen eskutik aitortza jaso zuten. Alfredo Gonzalez Chirlaque eta Justo Idigoras omendu zituzten. Azken horren izenean, bere emazte Amaia Marcok jaso zuen oroigarria.
'Agur jaunak' ikus-entzuleekin
Eta, horren ostean, taupadak lasaitu ostean, Alairen azken emanaldia hasi zen. Hiru pieza: Ama, Rio profundo eta Ai ori begi katalin. Ekitaldia bukatzeko, Agur jaunak, ekitaldian parte hartu zuten beste kide guztiekin batera.