ASPACE Gipuzkoak bere 50. urteurrena ospatzeko, erakusketa ibiltaria sortu du 50 urte inklusioa bermatzen izenburupean. Aurretik, Irunen eta Donostiako Intxaurrondo auzoan egon bada ere, gaurtik maiatzaren 17ra bitartean, Bergarako Agorrosinen izango da ikusgai.
Gaur egin dute erakusketaren aurkezpen ekitaldia, eta bertara hurbildu dira Oxirondo eta Ibaiondoko erabiltzaileak, gurasoak nahiz profesionalak. Hizlari lanetan aritu dira, berriz, ASPACE Gipuzkoako Elisa Carmona presidentea, Rosa Iglesias idazkaria, Eneko Ziarsolo bailarako ASPACE guraso elkarteko ordezkaria, Ariz Bikuña Oxirondo eguneko zentroko erabiltzailea, eta Gorka Artola Bergarako alkatea.
24 informazio panelek osatzen dute erakusketa, eta bertan daude jasota elkartearen historia, datarik garrantzitsuenak, elkartearen bilakaerari buruzko informazioa, zein bailarako datuak. Zerbitzu zabala eskaintzen du ASPACEk Debagoienan. Eguneko zentroak daude Bergaran eta Arrasaten. Azken horretan, berriz, Udalaitz zentroa dago, etxebizitzak dituena. Hezkuntzari dagokionez ere, hezkuntza berezia eskaintzen da Bergaran, Arrasaten eta Eskoriatzan. Hor, zehazki, Luis Ezeiza eskolan Tximeleta gela iraunkorra dago, ASPACEko erabiltzaileek eta neska-mutikoek harremana dute bertan.
Artolaren hitzetan, "herriari dagokionez, Bergaran oso txertatuta dagoen elkartea da ASPACE, eta uste dut asko ematen diola herriari. Udala ere bidelagun izango dute". Inklusioaren alde lan asko egin da, baina oraindik lan asko dagoela egiteko adierazi du Eneko Ziarsolok.
Gipuzkoako ASPACEk 490 lagun artatzen ditu eta 361 profesionalek jarduten dute lanean. Boluntario taldea 126 pertsonek osatzen dute. Bergaratik, Arrasate eta Eskoriatzara joango da erakusketa ibiltaria.